[EUSKARALDIA] Eibarren ere euskarari hauspoa emango diogu azaroaren 18tik abenduaren 2ra

[EUSKARALDIA] Eibarren ere euskarari hauspoa emango diogu azaroaren 18tik abenduaren 2ra
2022/11/08 13:46
eta kitto!
Hitzez ekiteko garaia heldu da. Euskal Herriko txoko guztietan bezala, Eibarren ere euskarari hauspoa emango diogu azaroaren 18tik abenduaren 2ra. Belarriprest edo Ahobizi bezala parte hartu nahi duen orok izena emateko aukera zabalik dauka Euskaraldia hasi arte. Internet bitartez egin daiteke, eta Eibarren bertan hainbat lekutan dago izen-ematea aurrez aurre egiteko aukera.

 

Ane Lizarralde

Ane Lizarralde
EUSKARALDIko KOORDINATZAILEA EIBARREN
“Hamabost egun dira eta erronka polita daukagu Eibarren euskara ikusarazteko”

Zergatik da hain garrantzitsua eibartarrok ere Euskaraldian parte hartzea?
Datuek diotenez euskararen ezagutzan aurrerapauso handia egiten ari gara, baina automatikoki erabilera handitzea ez dakar. Beste hainbat lekutan bezala, Eibarren ere hutsunea kaleko eguneroko erabileran sumatzen dugu eta hor badaukagu eragiteko premia. Euskaraldiaren helburua hizkuntza ohituren aldaketa hori bultzatzea eta eginaraztea da, eta horregatik da hain garrantzisua herritar guztion parte-hartzea. Hamabost egun dira eta erronka polita daukagu aurretik. Bakoitzak bere aldetik saiakera egin beharko luke euskarari gogor eusteko. Apurka-apurka eguneroko detaile txikiak aldatzen joan beharko ginateke. Beldurrak eta lotsak alde batera laga eta ahalegin hori egitera  animatu nahiko nituzke askotan atzean ezkutatuta gelditzen diren Belarriprest horiek. Eurentzako sekulako aurrerapausoa izango da eta ingurukoek pila bat eskertuko diete. Guztion artean Eibarren euskara gehiago entzunarazi eta ikusarazi beharko genuke. Poliki-poliki bada ere, jendea badoa izena ematen. Baina ez utzi azken momentura arte eta animatu, euskarak denon beharra dauka-eta!

Azaroaren 17ra arte eman daiteke izena. Nola egin daiteke?
Horretarako euskaraldia.eus webgunea dago, baina baten batek online egiteko arazorik baldin badu, aurrez aurre egin dezake Klub Deportiboan, ...eta kitto!-n, AKEBAIren bulegoan, AEKn edo Udal Euskaltegian. Azaroaren 12an Euskaraldiko furgoneta etorriko da Untzagara, 18:00etatik 21:00etara, eta bertan egongo gara txapak banatzen, izen-emateak egiten, leiho eta balkoietarako banderolak saltzen... Eguraldi txarra eginez gero, Errebal Plazara joango gara. Azaroaren 17an Urkizun jarriko dugu mahaia. 17:00etatik 18:30era.

 

Susana

Susana Iglesias -  Belarriprest
"Euskaraldiaren aurreko bi edizioetan parte hartu nuen, eta aurtengoan ere Belarriprest-en txapa jarriko dut soinean. Jendea, txapa ikusten dizunean, zurekin euskaraz hitz egiten hasten da, eta horrela errazagoa da niretzat. Euskaraldia oso esperientzia ona iruditzen zait, gutxiago kostatzen zaidalako hizkuntza aldatzea. Euskara gehiago erabiltzen saiatzen naiz. Adibidez, umeekin, erosketetan… Parte hartzera animatzen zaituztet, oso ona da lotsa kentzeko eta “kutsatu” egiten du!!!"

 

Marifeli Askasibar

Marifeli Askasibar - Ahobizi
"Aurreko edizioan Askasibar kirol-dendan Arigune izan ginen eta aurtengoan ere euskaraz lasai jarduteko gune izango gara. Eta ni Ahobizi izango naiz berriro ere. Gure dendan agurra, behintzat, beti egiten dugu euskaraz, izan Euskaraldia edo ez; kaixo, arratsalde on… Eta, gero, bezeroaren arabera euskaraz jarraitzen dugu edo ez. Baina egia da dendan ikurra ikusten dutenean edo paparrean txapa dugula ohartzen direnean gehiago animatzen direla eta errazago eta gehiago egiten dute euskaraz. Bereizgarriek badute eragin hori. Jendea segituan sartzen da bere rolean eta gustora jarduten duela iruditzen zait".

 

ana Merche martinez

Ana Mertxe Martinez - Belarriprest
"Euskara ulertzeko nahiko ondo moldatzen naiz, baina hitz egiteko ez nabil hain trebe. Horregatik, Belarriprest aukera ona da niretzat. Gaur egun euskaraz berba egiteko hainbat aukera ditugu, euskaltegiak, berbalagun-taldeak… ,baina Euskaraldiak euskara kalera ateratzen du. Txapa jantzita errazagoa da euskaraz egitea, lehenengo berba bai behintzat. Lotsa gainditu eta euskaraz jarduteko aukera ederra da, euskararekin eta euskaraz gozatzeko aukera paregabea".

 

Jon mardaras

Jon Mardaras - Ahobizi
"Euskaraldiak aukera polita eskaintzen digu gure hizkuntza-komunitatea ezagutzeko eta aukera berriak zabaltzen dizkigu euskaraz berba egiteko. Egun politak izaten dira hizkuntza-ohiturak aldatzen joateko. Espero ez duzun jendea ikusten duzu txaparekin eta aurreiritzi asko apurtzen zaizkizu. Gure herriari dagokionez, erabilera baxua da eta hor dugu erronkarik nagusiena, erabileran. Beraz, iruditzen zait ariketa hau lagungarria izango dela ez hizkuntza-ohiturak aldatzen joateko soilik, baizik eta baita hoiei eusteko ere".