…eta kitto! aldizkaria Eskozian mintzagai

…eta kitto! aldizkaria Eskozian mintzagai
2019/10/16 08:10
eta kitto!
‘Crowded out or limitless horizons? Minority language media in the digital age’ (Baztertuak edo mugarik gabe? Hizkuntza gutxituko hedabideak aro digitalean) izeneko kongresuari emango zaio hasiera gaur Edinburghen (Eskozia), Komunikazio sistema globalak eskaintzen dituen erronkak eta aukerak. Bertan, ...eta kitto! aldizkariak iaz egin zuen inkesta oinarri hartuta, aldizkariari buruzko hitzaldia eskainiko du Enara Eizagirrek, inkesta egin zuen Aztiker enpresako kideak. Azken hamarkadan ...eta kitto!-k izan dituen irakurleen inguruko analisia azalduko du, herri-aldizkari batek dituen indar eta erronkak azpimarratuz.

Gaur eta bihar artean egingo da kongresua Edinburgheko unibertsitatean, Etxepare institutuak eta unibertsitateak berak antolatuta. 30 aditu baino gehiago bilduko dira bertan eta hizkuntza gutxituetako hedabideen inguruan eztabaida akademikoa eta profesionala sustatzea eta unibertsitateko ikertzaileen eta hizkuntza horiek lanabes dituzten komunikabideetako profesionalen artean elkarlana bultzatzea da helburua.