Euskaraldiaren bigarren edizioan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago

Euskaraldiaren bigarren edizioan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago
2020/10/20 eta kitto!
2018an, Euskaraldiaren lehen edizioan, hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa praktikoa egin zuen jende mordoak, ahobizi edo belarriprest rola aukeratu eta 11 egunez praktikara eramanda. Esperientzia horrekin animatuta, udazken honetan Euskaraldiaren bigarren edizioa egingo da eta, oraingoan ere, antolatzaileek ariketan parte hartzeko gonbidapena egin nahi diote jende guztiari: “Azaroaren 20tik abenduaren 4ra hizkuntza-ohiturak astintzera goaz, euskaraz gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko”.

Horretarako izen-ematea zabalik dago eta oso erreza da. Aurrekoan parte hartu bazenuten, euskaraldia.eus helbidean sartu eta bertan 2018ko izen-emate datuak eta rola berretsi edo aldatu ahalko dituzue eta, horrela, aurtengo edizioan izena emango duzue zuzenean. Eta lehen aldiz parte hartzera animatuz gero, HEMEN klik eginda eman dezakezue izena.

Bestalde, aurten ekimena ikusgarriagoa egiteko, kaleak Euskaraldiarekin jantzi nahi dituzte eta, horretarako, etxeetako balkoi eta leihoak "Gehiago, Gehiagotan, Gehiagorekin" goiburua duten banderatxoak salduko dituzte. Eta, nahi izanez gero, mugikorrerako aplikazioa ere eskuratu dezakezue. Animatu eta hartu parte!

 

Belarriprest eta Ahobizi
Euskal Herri osoan irailaren 24an abiatu zen herritarrek ahobizi edo belarriprest modura izena emateko aldia. Azaroaren 19rarte egongo da zabalik epea, eta bi rol hauetako bat aukeratu ahal izango dute partaideek:
Belarriprest: Beraiei euskaraz hitz egiteko eskatzen dutenak dira belarriprest, euskara ulertzen dute eta beraiekin euskaraz aritzea nahi dute. Ulertzen duten guztiekin ez dute uneoro euskaraz hitz egingo agian, baina ahal eta nahi duten guztietan egingo dute. Gakoa jokaeran dago eta ez gaitasunean.
Ahobizi: Euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egingo dute ahobiziek. Euskaraz ulertzen ote duten ez dakienean lehen hitza, beti, euskaraz izango da; mintzakideak euskaraz ulertzen badu, euskaraz jarraituko dute beti. Gakoa ahal den guztietan euskaraz egitea da, jokaerak definitzen du rola, alegia.

Izen-ematea
Izen-ematea egunetik egunera haziz doala aipatu da gaur Baionan antolatzaileek egindako agerraldian eta hurrengo asteotan egongo dela lehen datuak ezagutzeko modua. Hala ere, agerraldia baliatu dute antolatzaileek jadanik izena eman duten guztiei ingurukoak ere parte hartzera animatu ditzaten eskatzeko.
2018ko edizioan parte hartu duten guztiak berriro ere parte hartzera deitu dituzte, hizkuntza ohiturak aldatzeko prozesuak ekina eta jarraikortasuna eskatzen duela gogoratuz. Gainera, arrazoi batengatik edo bestearengatik lehen edizioan parte hartzerik izan ez zutenak parte hartzera animatu nahi lituzketela esan dute antolatzaileek.

Parte hartzeko baldintzak aurreko edizioko berdinak direla azaldu da. Euskaraldian 16 urtetik gorakoek izena eman dezakete, helduen hizkuntza ohitura eta portaeretan eragitea baitu helburu ekimenak. Euskara ulertzeko gaitasuna gutxienez izan behar dute partaideek, baina hortik aurrera, bakoitzak erabakiko du zein rol den berarentzat egokiena. Modu kontziente eta borondatezkoan, hizkuntza ohiturak astindu edo euskararen erabileran aurrerapausoak eman nahi dituzten lagunek 15 egunetan bete nahi duten rola erabaki eta izena eman ahal izango dute, azaroaren 20tik abenduaren 4ra dagokien rolaren txapa jantzita ariketa egin ahal izateko.

Izena emateko hiru modu daudela azaldu dute antolatzaileek:
- Euskaraldia.eus webgunean
- Herrietako batzordeek jarriko dituzten informazio gune eta mahaietan
- Jadanik eskuragarri dagoen telefono aplikazioan

Gaur Baionan egindako agerraldia. Gaur Baionan egindako agerraldia.

Pozik orain arteko datuekin
Bi datu nabarmendu dituzte Euskaraldiaren antolatzaileek orain arteko prozesuan. Batetik, 2018an egin zen lehen edizioan baino udalerri gehiagotan egingo dela aurtengo Euskaraldia. Guztira 421 udalerritan osatu dira Euskaraldia batzordeak eta horietan guztietan parte hartu ahal izango dute herritarrek azaroaren 20tik abenduaren 4rako ariketan. Bestetik, aurtengo edizioko berrikuntza nagusia den ariguneei dagokienez (euskaraz lasai aritzeko entitate ezberdinek sortutako espazioak dira ariguneak), Euskal Herri osoan zehar 25.000 arigune baino gehiago sortu direla azpimarratu dute antolatzaileek. Guztira 6.737 entitatek lurralde ezberdinetan dituzten 8.174 egoitzetan 25.091 arigune sortzeko prozesua abiatu dutela azaldu dute Euskaraldiaren koordinazio mahaiko kideek. Ariguneen banaketa berriz nahiko parekatua izan da: %52 izango da barne arigunea eta %48 kanpo arigunea. Entitateei dagokionez, era guztietako enpresa, saltoki, erakunde eta elkarteak izan dira ariguneak sortu dituztenak. Saltoki eta zerbitzu emale txikiak, elkarteak, hezkuntza arloko eragileak, zerbitzu enpresak eta erakunde publikoak izan dira kopurutan aipagarrienak, baina horiekin batera egon dira enpresa txikiak, gizarte eragileak, sindikatuak eta bestelakoak).

Bi datu horiek (udalerri eta arigune kopuruarena) oso ondo baloratu dituzte antolatzaileek. Izan ere, COVID-19 koronabirusak eragindako egoeran oso zaila izan da herrietan batzordeak martxan jarri eta entitateekin lana egitea. Hala ere, euskararentzako eremuak irabazteko borondatea dagoela ikusi ahal izan da eta asko direla urratsak emateko prest dauden herritar eta eragileak.