Ikuspegi desberdinak eta ekarpen ugari Euskeraren Transmisioaren X. Mintegian

0    Euskara 
ETA KITTO ETA KITTO
Ikuspegi desberdinak eta ekarpen ugari Euskeraren Transmisioaren X. Mintegian
ETA KITTO 2020, Mar 11

Gaur goizean Euskeraren Transmisioaren edizio berri bat izan dugu Eibarko Portalea kultur etxean.  Hamargarren urteurrena bete da aurten, eta horregatik, ekitaldi berezia izan da hasieratik amaierara arte (alfonbra larrosa, dekorazioa, osagarriak, eszenaratzea, aurkezle lanetan aritu den Matriuska…). Emozio eta sorpresa aurpegiak ikusita, aurreikuspenak gainditu direla esan daiteke. 20 hizlari baino gehiagok euren ekarpen eta ikuspegi desberdinak azaldu dituzte. Jendea pozik egon da.

Mintegiaren hasieran, Matriuska aurkezleak (mintegi honetako sinboloak), zentzumenak pizteko gonbitea egin du, eta ekitaldian zehar parte-hartzaileak lasai eta gustora sentiarazten aritu da. Bikain, gainera! Ezer baino lehen, plastilina larrosak banatu ditu publikoaren artean (95 lagun inguru), “plastilina zeuen barruaren eroale izango da goiza aurrera doan bitartean” aurreratuz.

Euskararen Transmisioa mintegia41

Euskararen Transmisioa mintegia873

 

 

Euskararen Transmisioa mintegia48

“Transmisioa eta sozializazioa” mahai-inguruarekin hasi da mintegia, eta bertan izan dira Paula Kasares (Soziolinguista. UPNA) eta Jone Miren Hernandez (Gizarte antropologoa EHU). Dinamizatzaile lanetan Jaime Altuna (Gizarte antropologoa) aritu da.

Euskeraren biziberritzeraren prozesuan gauza asko egin dira 10 urte hauetan, eta “perspektiban ikusita gauzak aldatuz joan direla” aipatu du Jaime Altunak.

Jone Miren Hernandezek 1993-94an  euskeraren egoerari buruzko ikerketa egin zuen Lasarteko Udalean.  “Transmisioaz aparte beste gauza askori buruz hitz egin genuen. Praktikan sozializazioari buruz aritu ginen, baina terminoa erabili gabe. Momentu hartan nik ez neukan buruan sozializazioaren ideia. Ez zegoen kontzeptu hori”. Jone Miren transmisioaren kontzeptuarekin ez zen eroso sentitzen eta atzerrian kontzeptu hori ez zutela erabiltzen ikusi zuen.  “Transmisioa emateko ikusi nuen ez zela beharrezkoa hizkuntza bakarrik transmititzea, balioak eta motibazioak transmititzea ere hizkuntza seme-alabei transmititzeko modu bat zen. Sozializazioak bizitza osoan irauten du, errealitate dinamikoa da, eta transmisioa denboran mugatua izan daiteke”.

Paula Kasaresek ez du uste kontzeptu biak kontrajarriak direnik, “baina hizkuntzaren sozializazioaren kontzeptua egokiagoa da gure errealitateari begiratzeko. Hizkuntz komunitate bezala, ezin dugu bakarrik familia bidezko transmisioaz hitz egin. Hizkuntza soilik familian transmititzen bada, galtzeko zorian dago. Komunitate osoaren mekanismo sozializatzaile guztiek jokatzen dute hizkuntzaren transmisioan”.

Fokoa familian baino norbanakora pasatu da? Azken urteetan familiaren garrantzitik norbanakoaren garrantzira pasatu gara? Paula Kasaresen esanetan, “familiak komunikatiboki nola funtzionatzen duen aldatzen ari da. Familia eredu berriak sortu dira, eta etxe barruan bizitzeko moduak aldatu dira. Familiaren pisua ahuldu egin da. Orain arte begiak belaunaldien arteko transmisioan jarri dugu. Orain belaunaldi barneko ideia batera zuzendu behar dugu ardura edo atentzioa. Intragenerazionala, hain zuzen. Ezker eskumatik ailegatzen diren eragin horiek oso garrantzitsuak dira”. Jone Mirenen ustetan “familia tradizionalak pisua izaten jarraituko du, baina nerabe eta gazteek euren familiak osatzen dituzte: koadrilak, kirol taldeak… Oso inplikatuta daude `familia´horietan, eta oso interegarriak dira guretzat”.

 

gazteak

“Euskeraren rola gazteen bizitzan” gaiaz jardun dute Jokin Urangak (UEMAko hezkuntza arduraduna) eta Ane Pedruzok (EuskarAbentura). Dinamizatzailea Urtxintxako Maite Asensio izan da.
Gazteekin egiten dute lan hirurek, eta oso errealitate desberdinak bizi dituzte. UEMA udalerri euskaldunen mankomunitatea izanda, bertako gazteek euskeraz hitz egiteko askoz ere aukera handiagoa daukate. Urtxintxan eta EuskarAbenturan Euskal Herri osoko eta, beraz, errealitate soziolinguistiko desberdinetako gazteekin dihardute lanean. EuskarAbenturako edizio bietan parte hartu duten gazteek euskerarekiko kontzientzia badaukatela azaldu du Ane Pedruzok, “baina ez denek, batzuk ez dute euren eremu afektiboarekin lotzen. Batzuentzako sekulako esfortzua zen euskeraz egun osoan egitea eta guk hori txalotu egiten genuen. Garrantzitsua da gaitasunaren araberako txalotzeak egitea”. Bestalde,  euskeraren egoera soziolinguistikoari buruzko informazio guxi daukate eta “harrituta gelditzen dira errealitate desberdinak ezagutzen dituztenean”. Horregatik hausnarketa kolektiboak bultzatzen dituzte.

UEMAko kasuan, 87 herrik osatzen dute udalerri euskaldunen mankomunitatea, eta Jokin Urangak azaldu duenez, “euskera natural erabiltzen dugu gure herrietan; gazteen eguneroko hizkuntza da eta, horregatik, askotan ez dute kontzientziarik, eta horrek hauskor bilakakatzen du euskera. Beste herri handiagoetara ikastera doazenean, gaztelerara jotzeko arriskua dago. Elkarrekin ahaldundu daitezela da gure helburua, herri handiagoetara joaten direnean eusle papera egin dezaten”. UEMAko gazteek euskera maite dute, baina euskerak ez die balio egunerokotasunean. “12 urtetik aurrera zailtasunak dituzte euskeraz kontsumitzeko, ez dute gustoko ezer aurkitzen. Beraz, gazteek euskeraz kontsumitu dezaten produktuak sortu behar ditugu, eroso sentitu daitezen. Espazio berriak irabazi behar ditugu eta orduan errazagoa izango da. Erreminta bezala erabili behar dugu euskara, eta ez helburu bezala”. Urtxintxako Maite Asensioren esanetan, “gazteak mundu digitalean ibiltzen dira. Euren gustoko gauzak euskeraz eskaintzea oso inportatea da. Euskerazko eskaintza batzuetan badago, baina zabalkundea ez da egokia”.

Euskeraren erabilera guztiona dela ikustarazi behar diegula dio Ane Pedruzok: “Euskera euskaldun ikasleen hizkuntza izatetik hizlarien hizkuntza izatera pasatzea ezinbestekoa da. Txoni eta regetonero euskaldunak daude, eta aniztasuna kontuan hartu behar da. Tribu guztietan euskarak bere lekua izan behar du, eta saritu egin behar zaie ematen dutena”.

 

Euskararen Transmisioa mintegia815

“Euskaldun berriak: noiz arte berri?” solasaldia gidatu du Arrate Gisasolak (Guraso euskaltzalea eta Ebete-ko kidea). Eta berarekin egon dira Esti Amorrortu (Filologoa eta Linguista. Deustuko Unibertsitatea), Edorta Lopez Rey (PRAKTIKATU zerbitzuko koordinatzailea. AEK) eta  Pello Jauregi (Hezkuntza Zientziak. EHU. Aldahitz egitasmoaren zuzendaria).

Definizioaren arabera, euskera familiatik kanpo ikasi duena da euskaldun berria. Esti Amorrorturen esanetan, “euskaldun berri terminoak karga negatiboa duela konturatu ginen, legitimotasun falta batekin du lotura, eta `hiztun berri´ terminoa erabiltzen hasi ginen. Natibo/ez natibo kontzeptuek ez dute balio gaur egun, ez euskeran ez beste edozein hizkuntzatan ere; ez da gure arazoa bakarrik. Gauzak ez dira hain modu estatikoan ikusten. Dena da prozesu bat. Hiztun mota asko daude. Euskara ikasten ez da inoiz amaitzen, dinamikoa da. Bere ustez euskalgintzan badago ahalegin bat izan dezakeen zentzu negatibo hori kentzeko eta “`denok gara euskaldunak´ eta horrelako esaldiak gero eta gehiago entzuten ditut”.

Pello Jauregik esan du bera euskaldun berria dela, baina ez duela inoiz ere termino hori erabili. “Ez dakit non dagoen arazoa. Kontzeptuak sortzen dira kontestu batean eta gero eraldatu egiten dira”. Pelloren esanetan. “etiketak komunikatzeko erabiltzen dira, ezinbestekoak dira errealitatea izendatzeko. Batzuk onerako, beste batzuk txarrerako, eta beste batzuk modu neutralean erabiltzen dira. Hortik arazoa dagoela etiketa horrekin? Nik ez dut uste”.  Bere ustez, “euskera etxean ikasteak ez du esan nahi erraztasun gehiago izango duzunik gero ez baduzu erabiltzen. Beraz, hurbiltzeak egin behar dira erabilera terminoetan, eta ez hizkuntza identitate terminoetan. Tarteko egoerak erabilgarriak izan daitezke euskeraren normalizaziorako. Potentzialitate horretatik ikusi behar dugu”.

Edortak Lopez Reyk ere euskaldun berria bezala aurkeztu du bere burua. “Nire inguruan denok gara euskaldun berriak, euskaldun zaharrak gutxiengo etnikoa dira. Etiketa hori izango dugu beti. Euskeraren errealitatearen islada da eta ez du zentzu negatiborik. Gero eta gehiago gara euskaldun berriak eta hau da euskeraren gaur egungo islada”. Euskalduntze prozesuan bidelagunak behar direla azpimarratu du Edorta Lopez Reyk: “euskalduntze prozesuan bidelagunak behar dira eta bidelagun horiek formatu behar dira”. Bere ustez garrantzitsuena da “euskaldunak garela eta euskaraz egiten dugula”.

 

Euskararen Transmisioa mintegia874

“Migrazioen aukerak” solasaldian Petra Elser (Banaiz Bagara elkarteko zuzendaria) eta Gorka Moreno (EHU eta Ikuspegi – Euskal Immigrazioaren Behatokiko ikertzailea) egon dira. Dinamizatzaile lanetan Miren Baranguan izan dugu (Berrikuntza eta esku-hartzea testuinguru kulturanitz eta eleanitzetan. Mondragon Unibertsitatea).

Gorka Morenok azaldu du denbora guztian migratzaileen gaia arazo edo mehatxu bezala planteatzen dela, eta aukera edo potentzialitate bezala ikusi behar dela, baita arlo sozioekonomikoan ere. “Narratiba aldaketa hori maila guztietara iritsi behar da”.

Petra Elser bat etorri da Morenorekin, baina “hori nola egin” da gakoa berarentzat. “Eskolak soilik euskaldunduko ditu haurrak?”. Petraren arabera, haur migatzaileen kasuan oso garrantzitsua da euren komunitateko pertsonak euskaldun bezala eta euskal komunitateko kide bezala ikustea.  Petrak dio migratzaile askorenzat euskara ezezaguna dela, “ez dakite existitzen denik ere”. Baina benetako aukerak eskani behar zaizkie euskaraz bizitzeko: “etorkinak lan egitera eta bizi-baldintzak hobetzeko etortzen. Benetako tresnak eta aukerak eskaini behar zaizkie euskera ikasteko eta euskeraz lan egiteko”.

Morenok euskalduntze prozesuan errealitateak eta desirak nahasten ari garela dio. “Denok nahiko genuke etorkinek euskeraz ikastea, baina hori bideragarria da? Euskerak duen papera ikusita, nik zailtasunak ikusten ditut lehenengo belaunaldi horrek euskeraz ikasteko. Ikasi nahi duenak aukerak izan behar ditu eta beharrezko neurriak hartu behar dira, baina lortuko ditugun emaitzak oso mugatuak izango dira”. Fokoa bigarren belaunaldian jarri behar dela uste du Morenok: “Uste dut lehenengo belaunaldia belaunaldi galdu bat izan daitekeela. Nola gastatu dirua gurasoekin? Esango nizueke sentsibilizazio kanpainetan gastatzeko, jakin dezaten euren seme-alabentzako zein garrantzitsua izago den euskera. Igogailu sozialerako tresna da euskera eta hori ulertarazi behar diegu”.

Petra Elserentzat “ez da bata ala bestea. Bigarren belaunaldia agian ez da etorkina sentitzen.  Eta 20 urteko bat agian beste 40 urte biziko da gure artean. Egunero etortzen da jende berria. Euskal komunitateak zer egingo du? Etsi? Euskalgintza klase ertainetik gorakoei zuzentzen zaie, eta migratzaileak langile klasekoak dira orohar. Garrantzitsua da helduen hezkuntzan, EPAn eta Lanbide Heziketan esaterako, euskerari benetako garrantzia ematea, hemengo bizitza elebiduna egiteko. Hizkuntza lanbide-prestakuntzan integratu behar da”.

 

Euskararen Transmisioa mintegia900

“Euskeraren marka eta herrigintza” mahai-inguruan Jon Maia (bertsolaria), Joxe Mari Agirretxe “Porrotx” (pailazoa eta hezitzailea) eta Zaloa Urain (musikaria eta irakaslea) izan ditugu hizlari, Estitxu Garairen gidaritzapean (Gizarte eta Komunikazio Zientziak EHU).

Euskeraren markari buruz dihardugunean euskerari lotuta burura etortzen zaizkigun asoziazioei buruz ari garela azaldu du Estitxu Garaik.

Zaloa Urainentzat euskara ama hizkuntza da eta “sentitzen dut nirekin bihotzean barru-barruan dagoen zerbait dela. Tresna bat ere bada. Eta nire izakeraren parte bat.  Emakumea, musikaria eta euskalduna sentitzen naiz.  Euskeraz pentsatzen dut eta amesten dut“.

Zaloa Urainen ustez, erronka handiak ditugu aurrean, baina lan egin beharra daukagu. “Daukaguna aprobetxatu egin behar dugu eta alde positiboak ikusi. Euskal Herriko marka hori euskal folkloreari, bertsolaritzari… lotuta ikusten da, ez zaizkigu raperoak edo rockeroak burura etortzen. Gazteen gertuko gauzak egin behar dira. Egon badaude, baina ez ditugu ikustarazten, eta emakumeak are gutxiago”. Euskerak erakargarria izan beharko lukeela uste du Zaloak, “adin desberdinetako jendearentzat erakargarria” eta “zailtasuna, zailtasun, ez dugu ahaztu behar aurrera jarraitu behar dugula”.

Jose Mari Agirretxe Porrotx-en esanetan, “batzuentzat negatiboa dena besteentzat positiboa da. Txikitasuna ez da oztopo bat. Horrek ematen digu enpatia bat, begirada bat munduarekiko. Euskarak munduaren begirada propioa dauka eta horrek egiten gaitu eder. Proiektuak egiteko eta elkarrekin bizitzeko aukerak ematen dizkigu”.

Zer egin dezakegu euskeraren marka hobetzeko galderari erantzun diote solaskideek. Porrotx-en ustez “denok gara hezitzaileak eta administrazioak, herritarrak eta hezkuntza munduak elkarlanean jardun behar dugu, haurrak erdigunean jarriz. Eurentzat egiten dena denontzat izango da. Gobernantza modu berri bat behar dugu, komunitatetik abiatuta”. Elkarlanaz gain, koerentziaren beharra azpimarratu du Porrotx-ek, “alferrik egingo ditugu  gauzak, gero El Conquis erderaz egiten badugu”.

Jon Maiaren ustez, “Arazoa daukagu.  Euskal Herria esaten dugunean ez gara oso konsziente zertaz ari garen. Bertakoak esaten dugunean uste dugu gu garela, baina ez da horrela. Askok ez dakite ezer gutaz. EHren hiru laurdenentzat euskera fosil bat da, nerabezaroan inposatutako zerbait. Deseroso sentitzen dira gazte asko, ondo dominatzen ez duten hizkuntza baten ikasi behar dutelako. Oso teoria abangoardistekin ari gara batzuetan, baina errealistak izan behar dugu”.

Euskal Herrian bi mundu ditugula adierazi du Jon Maiak, “euskalduna eta erdalduna. Erdalduntasun horretan euskeraren debatetik urrun daude. Etorkin horiek gehienak eskerronekoak dira, baina euskalduntasunetik kanpo bizi dira. Ez dugu elkar ezagutza prozesurik egin eta horrek estereotipoak, mamuak eta aurreiritziak desmontatuko lituzke. Elkar ezautzeaz gain. pedagogia eta legedian ausardia behar dira”.

 

Euskararen Transmisioa mintegia912

“Datozen urteetarako erronkak, erakundeen arteko elkarlana…”  izan da azken mahai-ingurua. Bertan izan dira:   Estibalitz Alkorta (Euskara Sustatzeko zuzendaria. Eusko Jaurlaritza); Garbiñe Mendizabal (Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria. GFA) ;Patxi Lejardi (Eibarko Udaleko Euskara eta Kultura zinegotzia) eta Junkal Txurruka (Eibarko Udaleko Euskara teknikaria). Moderatzailea Ekhi Belar kazetaria (…eta kitto!) izan da.

Erakundeen arteko harremanak eta koordinazioa sendotzea beharrezkoa dela uste dute, nazio  zein udal mailan.  Eta adostasun politiko batera iritsiko balira hortik gora eraikitzea errezagoa litzakeela aipatu dute.

Bestalde, fokoa eragileengan jarri behar dela uste dute, “eragile horiek nola aktibatu eta nola saretu, hor dago gakoa”.  Euskeraren biziberritzea denon lanarekin etorriko dela azpimarratu dute behin eta berriro, eta filosofia horretatik abiatuta hainbat ekimen arrakastatsu lortu direla aipatu dute, Euskaraldia edo euskal hedabideen sektorearekin lortutako hitzarmen sendoa, esaterako. Esan dutenez, Ikusarazi beharra dago transmisioaren ardura guztia ezin dela hezkuntza sistemaren esku utzi. Gauzak ezin direla bakarrik egin aitortu dute, “denon beharra daukagu”.
Berrikuntza, ausardia, gauza berriak probatzea…  eukeraren biziberritzean ezinbestekotzat jo dute.

Horrela amaitu da X. mintegia. Hurrengo urtean ere ederra eta oparoa izango delaren esperantzarekin eta aurtengoa berezia egiten lagundu duten pertsona guztiei eskerrak ematen: Nerea Ariznabarreta (Matriuska), Koldo Carranza (grabaketa), Juan Luis V. Fraguas eta Manolo Murillo (teknikariak), Juanma Vazquez (eskaparatista) eta …eta kitto!ko lantalde osoari.

ARGAZKI GUZTIAK IKUSTEKO:

https://etakitto.eus/mediateka/argazki-bildumak?gallery=euskararen-transmisioa-x-mintegia



Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »