Herriko euskaltegiak martxan dira

Herriko euskaltegiak martxan dira
2020/09/14 eta kitto!
Oztopo, muga eta zailtasunen gainetik bizitzak aurrera dirau, euskarak bezala. Eta aurrera egiten dugun neurrian, zergatik ez dugu euskaraz egingo? Maskarek ere ez dute etengo gure hizkuntzaren jarioa eta hiztun berriek euskarazko berbak filtratuko dituzte babesten gaituzten musukoetatik. Horretarako, beharrezko neurriak hartuta, herriko euskaltegiek ateak zabaldu dituzte.

 

Beti da sasoi aproposa euskara ikasteko, baita pandemia baten erdian ere. Aukera behintzat, badago. Bestela, pentsa zenbat berba berri ikasi ditugun azken hilabeteotan: koronabirusa, berrogeialdia, etxeratze-agindua, konfinamendua... Beste edozein gauzatan ez, baina gaixotasun honek gure lexikoa aberastu du.

Euskara bizi-bizirik dagoen seinale da hori eta, urtero bezala, aurten asko izango dira euskara ikasteko hautua egingo dutenak. Horretarako, euskal-tegiak martxan jarri dira, egoerara moldatzeko beharrezko neurriak hartuta, eta ateak zabaldu dizkie euskara ezagutu, ikasi edo hobetu nahi dutenei.

Udal Euskaltegiak ohiko eskaintzari eutsi dio eta euskara aurrez aurre erakustearen aldeko apostuari eutsi diote. “HABEren maila guztiak, autoikaskuntza, gurasoentzat bereziki prestatutako ikastaroak... egiteko aukera dago”, diote. Hilabete amaieraraino dago matrikula egiteko aukera eta hori amaitzean jakingo dute zehazki nola antolatu beharko diren segurtasun-neurriak eta abarrak zorrotz betetzeko, baina arlo batzuk zehaztu dituzte dagoeneko. “Gela bakoitzeko ratioa bederatzi lagunekoa da, baina pentsatzen dugu zortzirekin nahikoa izango dela”, esan digute. “Gela batzuk ezin izango ditugu erabili, oso txikiak direlako segurtasun distantziari eusteko, baina matrikulazio-kanpaina amaitzean jakingo dugu zehazki zenbat lagunek ematen duten izena eta gela gehiago beharko du-gun ala ez”.

Oporretatik bueltan jendea hasi da ikasturte berrian zer egin pentsatzen eta aste honetan mugimendu gehiago igarri dute Udal Euskaltegian. “Informazioa telefonoz (943 70 09 12) edo e-mailez (euskaltegia@eibar.eus) ematea izango litzateke egokiena eta, hona etortzea nahi izanez gero, hobe da aurretik hitzordua egitea”, esan digute, segurtasun-neurriak ondo betetzeko asmoz. “Bestela, matrikulazioa ondo doa momentuz”, euren ber-betan, “baina guraso batzuk oraindik zer egin pentsatzen dihardute, umeen inguruan dagoen egoera ere nahiko zalantzazkoa delako”.

Berritasun bezala eta segurtasuna bermatze aldera, sarrera Portaleko ate nagusitik egingo da eta irteera umeen liburutegiko atetik. “Jende pilaketak ekiditeko”, Udal Euskaltegikoen berbetan. “Klaseetan maskara jantzita eraman beharko da denbora guztian eta, bestetik, orain ohikoak diren elementuak jarriko ditugu denen eskura: gelak, zapiak...”, hartutako neurri batzuk aipatzearren. Ez da ikasturte arrunta izango, hasieran batez ere, baina Udal Euskaltegikoek diote hasierak beti direla zoroak, ez bakarrik egoera berezi honengatik.

Udan, gutxienez, izan zuten egoera berri honetan klaseak ematea zer den jakiteko aukera eta esperientzia ona izan zela esan digute. Ondo moldatu ziren eta ez zuten gorabehera handirik izan. “Zerbait aipatzearren, Zarauzko agerraldia zela-eta, ikasle batzuk etxetik ibili behar izan ziren segurtasunez, Zarautzen izan zirelako, baina ondoren negatibo eman zuten azterketetan”, kontatu digute.

 

Euskara irakasteko gogoz

AEKn ikasturte berrirako ikasgelak moldatzen ibili dira azken aldian, klaseekin segurtasun osoz hasteko. Sarreran gel-hidroalkoholikoa egongo da, pilaketak saihestuko dituzte sarrera eta irteeretan eta, garrantzitsuena dena, gogotsu daude ikasleekin egon eta euskara irakasteko.

Matrikula-kanpaina irailaren 30era arte egongo da zabalik, “baina aurrerago ere norbaitek izena eman nahi badu, egin dezake”, esan digute AEK-koek. Klaseak talde txikietan antolatuko dituzte, 10 lagunekoak, eta aurreko urteetako jende kopuruak izena ematen badu, oso ondo moldatuko dira. Momentuz matrikula-kanpainaren hasieran besterik ez gaude eta erritmoa nahiko lasaia da. “Normalean, Arrateko jaiak pasa arte horrela izaten da, lasaia, baina baliteke aurten izen-ematearen erritmoa pixka bat geldoagoa izatea”, euskaltegikoek diotenez. Dena dela, edozein zalantza argitu edo informazio gehiago behar izanez gero, 943 20 13 79 telefonoa eta eibar@aek.eus helbidea daude jendearen eskura edo, bestela, bertara joan daitezke, Sostoa kaleko 1. zenbakira.

AEKn aurrez aurre euskara ikasteaz gain, urrunetik ikastea eta autoikaskuntza ere posible da. Pandemia gertatu aurretik proposatutako aukerak dira, baina egoera honetan baliteke jende gehiago animatzea gauzak horrela egitera. Dena dela, AEK-koen ustez, aurrez aurrekoa da jendeari gehien gustatzen zaion ikasteko modua. “Jendeak euskara taldean ikasi nahi du batez ere. Besteei entzunez eta eurekin berba eginez ikastea gustatzen zaie”, euren ustez. Hori bai, egoera txarrak irudikatzen jarrita eta berriz konfinamendua ezarriz gero, badute egoerari aurre egiteko esperientzia eta urrunetik jarraituko lukete klaseekin.

Konfinamendua ezarri zenean etxetik jarraitu zuten. Bada zerbait, baina ikasturte amaiera, euren zorionerako, AEKn bertan egin ahal izan zuten eta hura zoragarria izan zen. “Ikastaroa aurrez aurre amaitzea nahi izan genuen, segurtasun neurriak hartuta, amaiera erreala emateko asmoz”, euren berbetan. Udan autoikaskuntza egin dute hainbatek eta, bestela, terrazetan bildu dira batzuk mintzapraktika egiteko. Beraz, aspaldiko partez klasera itzuliko dira orain.

Irakasleak gogotsu daude ikasturte berriaren aurrean eta, egoera berriak betebehar berriak eskatu arren, momentuan egokitzen dihardute, baita klaseak maskararekin ematera ere. “Hasieran oso arrotza egingo zaigu denoi, baina ohitu beharko gara”, aitortzen dute. “Egoera berrira egokitzeko ahalegina egin beharko dugu denok, ikasleek zein irakasleok”, AEK-koek diotenez. “Ez da lehengoa bezalakoa izango, baina saiatuko gara ahalik eta berdinen izaten”, diote itxaropentsu.