Kalean da Txikitto! aldizkariaren 202. alea, ikasturteko lehenengoa

Kalean da Txikitto! aldizkariaren 202. alea, ikasturteko lehenengoa
ETA KITTO 2021, Aza 03

Dagoeneko Eibarko LH-ko ikasleen eskuetan dago TXIKITTO aldizkariaren 2021-22 ikasturteko lehen zenbakia (hemen daukazu PDF formatoan).

Azaleko argazkian ikus daitekeen bezala, berriro ekin diogu “Aitxitxa-amameki berbetan” atalari. Orain dela bi ikasturte ilusio osoz jarri genuen martxan atal hau. Gure aitxitxek eta amamek gauza interesgarri asko dituzte guri kontatzeko eta asko ikasten dugu eurekin. Zoritxarrez, pandemiaren ondorioz, iazko ikasturtean bertan behera utzi behar izan genuen atal hau, baina aurten, egoerak hobera egin duela-eta, pozez beteta ekingo diogu aitxitxa eta amama eta iloben arteko solasaldiari. Ikasturteko lehenengo elkarrizketarako Marian Alonso amama eta Nora Iriondo iloba elkartu ditugu.

“Ikasleekin berriketan” atalean Aldatze ikastetxeko ikasleekin egon gara. Ikasleak pandemia aurreko normaltasunera itzultzen ari dira poliki-poliki, nahiz eta oraindik zentroan maskara erabili behar duten, besteak beste. Azken urte bietan umeen inguruan asko egin da berba pandemiari dagokionez, baina eurek zer dute esateko horren inguruan?  Hauxe da eurekin egin dugun bideoa:

 

Hori guztiaz gain, aurrekoetan bezala, ikastetxeetako berriak, ikasleek egindako denborapasak, txisteak eta ipuina eta beste hainbat atal aurkituko dituzue.

Txikitto! aldizkariko ale hau eta aurreko guztiak etakitto.eus-eko mediatekan dituzue eskuragai. Bideo guztiak lotura honetan: https://etakitto.eus/mediateka/bideoak

Txikitto! aldizkaria irakurketa eta idazketa-trebetasunak lantzeko aldizkaria izateaz gain, ikastetxe-guraso-ikasle/seme-alaben arteko harremanak euskaraz izan eta ondo pasatzeko aukera ematen digun euskarri ezinhobea da. Ikasle eibartar guztiek HILERO eta DOAN ikastetxean bertan jasotzen dute aldizkaria.

Egitasmoa, partehartzaile eta irekia da: ikasle, irakasle eta gurasoen arteko elkarlanean oinarrituta dago.

 

 

 

 

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »