Otsaileko Txikitto! aldizkaria kolorez jantzita dator

Otsaileko Txikitto! aldizkaria kolorez jantzita dator
2020/03/02 eta kitto!
Otsaileko Txikitto! aldizkaria kalean dago dagoeneko. Urtero egiten dugun bezala, aratosteei tarte bat eskaini diegu, eta aratosteak ospatu zituzten ikastetxeetako argazkiekin txoko bizi eta koloretsua prestatu dugu.

Ikasleekin berriketan atalean, Iturburuko 6. mailakoak “Haurren eskubideak” gaia lantzen ibili dira azkeneko hilabeteetan. 1959ko azaroaren 20an onartu zuen Nazio Batuen erakundeak Haurren Eskubideen Aldarrikapena. Gaiak aztertzea zelako zorte ona duten konturatzeko balio izan diela esan digute Iturburuko ikasleek.

"Gure aitxitxa-amamekin berbetan" atalean Ana eta Julia izan ditugu. Bikote polita. Ana amama, Julia biloba. …eta kitto!-n elkartu ditugu. Txintxo-txintxo etorri da Julia galdera guztiak prestatuta. Ana urduri zegoen, baina ilusioz beteta. Zenbat kontu kontatu dizkion amamak bilobari… Irakurri lasai elkarrizketa, gauza interesgarri eta harrigarri pila bat aurkituko dituzue-eta.

"Jolastokixan jolasian" atalean, Arrateko Andra Mari ikastetxekoek "Zubi zubi" jolasa erakutsi digute. Azaldu digutenez, "parte-hartzaileak borobilean jarriko dira zutik, hankak zabalduta eta albokoaren oinak ukituz. Besteen hanka tartetik baloia pasatzea da helburua". Hemen daukazue eurekin egin dugu bideoa:

https://www.youtube.com/watch?v=Rti7FR_KFuk

Hori guztiaz gain, aurrekoetan bezala, ikastetxeetako berriak,  ikasleek egindako denborapasak, txisteak eta ipuina, eta beste hainbat atal aurkituko dituzue  Ziur  primeran pasatuko duzuela!

Txikitto! aldizkariko ale hau eta aurreko guztiak etakitto.eus-eko mediatekan dituzue eskuragai. Bideo guztiak lotura honetan: https://etakitto.eus/mediateka/bideoak