Txikitto! hilabetekaria: kalean da 2021eko lehen aldizkaria

Txikitto! hilabetekaria: kalean da 2021eko lehen aldizkaria
ETA KITTO 2021, Urt 25

Txikitto! aldizkariaren 2021eko lehen alea aste honetan banatuko da Eibarko ikastetxeetan, 6 eta 12 urteko ikasleen artean. Urtarrileko bigarren astean Eusko Jaurlaritzak baimena eman ondoren, herriko ikastetxeetako umeak Eskola Kirola egiten hasi ziren berriz hilaren 18an. Hainbat hilabetez kirola egin barik egon ondoren, bada zerbait. Hala ere, oraindik ez da beti ezagutu izan dugun jarduera izango.

Ikasleekin berriketan atalean,  San Andres ikastetxeko ikasleekin egon gara. COVID-19ak bazterrak astindu eta nahastu dizkigu, eta egoera berri batera egokitu behar izan dugu arlo askotan. Ikastetxeek ere aldaketak jasan dituzte: ikasleak ezin nahastu, leihoak zabalik eduki beharra, segurtasun- eta higiene-neurriak, distantzia… Hain zuzen ere, azkeneko horiek betetzeko zailtasunak zituztela eta, San Andres ikastetxeko 5. eta 6. mailako ikasleak eskolaz aldatu dira. Zortzi urtez euren eskola izan dena atzean utzi eta Itziora joan dira. Hasiera batean aldaketak beldurra ematen bazien ere, orain pozarren daude ikastetxe berrian.

“Jolastokixan jolasian” atalean, Urkizu ikastetxekoek “Borobil indiarra” jolasa erakutsi digute.

Hori guztiaz gain, aurrekoetan bezala, ikastetxeetako berriak,  ikasleek egindako denborapasak, txisteak eta ipuina, eta beste hainbat atal aurkituko dituzue  Ziur  primeran pasatuko duzuela!

Txikitto! aldizkariko ale hau eta aurreko guztiak etakitto.eus-eko mediatekan dituzue eskuragai. Bideo guztiak lotura honetan: https://etakitto.eus/mediateka/bideoak

Txikitto! aldizkaria irakurketa eta idazketa-trebetasunak lantzeko aldizkaria izateaz gain, ikastetxe-guraso-ikasle/seme-alaben arteko harremanak euskaraz izan eta ondo pasatzeko aukera ematen digun euskarri ezinhobea da. Ikasle eibartar guztiek HILERO eta DOAN ikastetxean bertan jasotzen dute aldizkaria.

Egitasmoa, partehartzaile eta irekia da: ikasle, irakasle eta gurasoen arteko elkarlanean oinarrituta dago.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »