Familia aisialdira bideratutako “Adarabar” izeneko proiektuak irabazi du On Ekin lehiaketako lehen saria

Familia aisialdira bideratutako “Adarabar” izeneko proiektuak irabazi du On Ekin lehiaketako lehen saria
ETA KITTO 2018, Uzt 16

Aurreko eguenean egin zen On Ekin enpresa ideia eta proiektu lehiaketaren 6. edizioa Ekingune, Ekintzaileen arteko lankidetza eta sustapenerako elkartearen eskutik. Pertsona zein enpresen sormena saritzeko asmoarekin sortu zen lehiaketak aurten Eibarko Udalaren, La Caixa Fundazioaren eta Mariella Saitz, Eibarren Axa aseguruak duen agente exklusiboaren babesa izan du. Lehiaketara aurkeztu diren proiektuetatik finalista geratu ziren bostak Kerizpe elkartean azaldu zituzten eta, ondoren, han bertan egin zuten afarira joandako 40 bat lagunen artean, bozka bitartez aukeratu zituzten irabazleak. Lehen saria Oihana Lasuen eta Gorka Litagoren “ADARABAR” izenekoak jaso zuen. Aisialdirako lotutako proiektua da eta urte honen amaierarako Eibarren martxan ipintzeko asmoa daukate. Sari modura La Caixa Fundazioak emandako 2.000 euro eraman zituzten.

adarabar

Bigarren saria eskuratu zuen Mandira Studio-ko Marian Idiakezek. Mandira Studio aurten zabaldu duten dekorazio eta interiorismorako estudioa da, dekorazio eta artearekin lotutako zerbitzuak ematera bideratutakoa eta kontsumo jasangarriaren zein birziklapenaren arloei arreta berezia eskaintzen diena. 1.000 euroko saria jaso zuen.

Eta hirugarren saria Maite Aperribayk eskuratu zuen, “Casco” etxean martxan dagoen Helmet House proiektuarekin: hiru esperientzia ezberdinetan oinarritzen diren hiru negozio-linea (Erosketa, Osasuna eta Aisialdia) biltzen dituen enpresa proiektua da eta irabazleak 300 euro dirutan eta Ekinguneren kideen eskutik 200 euroko balioa duten zerbitzuak jasotzeko aukera eraman zituen.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »