Gabontrail jendetsua ospatu zuten Gabon egunean

Gabontrail jendetsua ospatu zuten Gabon egunean
ETA KITTO 2019, Abe 27

Eibarko Klub Deportiboko Mendi Taldeko Kalamua Korrikalari Taldeak antolatutako VI. Gabontraila ospatu zen Gabon egunean eta, antolatzaileen berbetan, “urtetik urtera ohitura bihurtzen ari da eta, Eibar eta inguruko korrikalariak, geroz eta gehiago animatzen dira urtea Kalamuako osteratxoa eginez amaitzera. Jendearen erantzuna bikaina izan da eta, eguraldiak lagunduta, goiz ederra pasatu genuen”. Klub Deportibotik abiatu ziren, goizeko 08:00etan, Estaziñotik GR bidea jarraituz Santa Kurutzera igotzeko, handik Usartzara eta Kalamuara jarraitzeko. Kalamua gainean talde argazkia atera eta gero, Parlamentura jeitsi ziren, bertan cava eta turroiarekin denboraldi amaiera ospatzeko. Parlamentutik Krabelin lepora joan ziren, ohiko bidetik, ondoren Pagola baserritik berriz Usartzara jeisteko eta Santa Kurutzetik berriro Eibarrera itzultzeko. Diotenez, “partehartzaileak oso gustora amaitu zuten 15,5 km eta 750 m-ko desnibela duen ibilbidea, batez ere korrikalarien arteko giro ona aipatuz”. Partehartzaileen berbetan, “hasi nahi dutenentzat irteera egokiak dira, nahiz eta erritmo eta gaitasun desberdinetako jendea elkartu, tarteka geldialdiak egiten direlako denak elkartzeko. Horrek hurrengo ekitaldietan ere parte hartzera animatu eta urtean zehar entrenatzeko motibatzen gaitu”. Hurrengo trail irteera martxoan izango da, Mendi Jardunaldien barruan.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »