Ganbera kontzertua emango dute txistulariek domeka eguerdian

Ganbera kontzertua emango dute txistulariek domeka eguerdian
ETA KITTO 2018, Aza 18

Musika tresnaren batekin lotzen duen testigantza historikorik ez badago ere, Zezilia Erromakoa 1594 urtean izendatu zuten musikaren zaindari eta azaroaren 22a da bere eguna, Santa Zezilia. Ohiturari jarraituz, musikariek egun honetan ospatzen dute euren eguna, baita eibartarrek ere. Usartza Txistulari Taldeak, adibidez, 22an 19:30ean kalejira egiteaz gain, kontzertu berezia eskainiko du 18an 12:30etan Coliseoan.
Herri musikarekin lotu ohi da txistua, baina Euskal Herriko musika tresna tradizional honek soinu finenak igorri ditzake. Usartza Txistulari Taldekoek sarritan erakutsi dituzte txistuak eskaini ditzakeen aukerak eta domekan beste erakustaldi bat egingo dute. Pianoa, soinua, perkusioa, eta harizko eta metalezko instrumentuak txistuarekin uztartuko dituzte ganbera kontzertua eskaintzeko. Ohiko errepertorioa guztiz aldatu eta pieza berriak prestatzen dabiltza Usartzakoak azken asteotan. Entsegu batean egon gara eta azken zertzeladak prestatzen ikusi ditugu. Taldeko kideak pozik daude kontzertu bereziaren aurrean eta urteetako esperientziak ematen dien lasaitasuna nabari zaie. Ordubete inguru iraungo du domekako ikuskizunak eta mota askotako lanak entzun ahal izango dira. “Kontu handiz prestatu dugu egitaraua eta ikusleak harritu egingo direla uste dugu”, esan digu Elena Pérez zuzendariak. “Oso bestelako gauza entzungo dute”. Publikoa harritzeko egitaraua Kontzertu berezia izanik, Usartzakoek modu berezian hasi nahi dute domekako ikuskizuna. Malcom Arnolden ‘Kwai ibai gaineko zubia’ pieza aukeratu dute saioa hasteko. Giroa animatu eta publikoa berotzeko pieza. Jose María Gonzalez Bastidaren ‘Belkoain’ joko dute gero. “Oso pieza interesgarria da”, Perezen berbetan. “Gonzalez Bastidak ondo ezagutzen zuen txistua eta horren erakusle da pieza hau. Banda tradizionalerako idatzita dago”. Ondoren, Kepa Junkeraren ‘Muskerraren Baltsa’ (Xabier Zabalak moldatuta), Pello Ramírezen ‘Itsasora mezu bat’, Xabier Zabalaren ‘Oskirako bidea’, Luis Aranbururen ‘Kontzertu Rem’, Aitor Furundarenaren ‘Elorri orri’, Jabier Ituarteren ‘Aire zahar bat’, Ruper Lekueren ‘Habanera’ eta Carlos Sanchez Ekizaren ‘Txapela buruan’ piezak joko dituzte. Esan bezala, Usartza Txistulari Taldekoek laguntza berezia jasoko dute Coliseoko oholtzan. Elena Pérez eta Enrique Montero izango dira 1. txistuak, Ainhoa Urkizu eta Iratxe Gimenez 2. txistuak, Asier Castelos eta Javier Zorrakin silboteak, eta Iñaki Orbegozo eta German Ereña atabalak, eta kontzertuan zehar eurekin joko dute Mari Sol Arrillaga pianojoleak, Jokin Vitoria perkusionistak, ‘Harituz’ hari laukoteak eta ‘Molto vivace’ metal boskoteak. ‘…eta kitto!’-ri omenaldia ‘…eta kitto!’ Euskara Elkarteak 25 urte bete ditu eta Usartza Txistulari Taldeak omenaldia eskaini nahi dio domekako kontzertuan. Eibarren euskeraren alde egindako lana goraipatu nahi dute musikariek eta abesti bat eskainiko diote euskara elkarteari. Domekakoaz gain, Usartzakoek beste kontzertu berezi bat eskainiko dute laster. Izan ere, abenduaren 23an Gabonetako kontzertua joko dute udaletxeko arkupean 12:30ean Sostoa Abesbatzarekin, Isabel Laspiur piano-jolearekin eta haizezko instrumentuekin batera.
IMG_20181118_112651

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »