Gaur afizionatuena eta domekan profesionalen pilota jaialdia Astelenan

Gaur afizionatuena eta domekan profesionalen pilota jaialdia Astelenan
2022/04/29 eta kitto!
Arratsaldeko 18:15ean abiatuko den gaurko jaialdian Klub Deportiboko Pilota Eskolako pilotarien arteko bi norgehiagoka izango dira hasteko: Aleix de Rey eta Xuban Varona vs Ekhi Azpilikueta eta Patxi Basaras eta, jarraian, Kepa Telleria eta Ekain Olaetxea vs Julen Uranga eta Beñat Oñederra. Hirugarren partidua jaialdiko nagusia izango da eta hor, Gipuzkoako Txapelketako banakako lau eta erdikoan, hirugarren jardunaldiko partiduan Ander Agirresarobe eibartarrak (Iker Narbaizak eskuko mina du) Oñatiko Zuloagari egingo dio aurre. Deporreko beste sei pilotarik Eibartik kanpo dituzte norgehiagokak. Tartean, Aratz Amillategi eta Liher Gil alebinek Bergaran finalerdiko partidu garrantzitsua jokatuko dute.

Domekan, bestalde, profesional mailako jaialdian, buruz-buruko ligaxkako neurketa garrantzitsuena hartu behar zuen Katedralak, Jokin Altuna gaur egungo txapelduna eta Joseba Ezkurdiaren artekoa, baina Altunak uko egin dio jokatzeari min hartuta dagoelako eta EPEL-ek ligaxkako bigarren partida Joseba Ezkurdiari emango dio 22-0eko markagailuarekin. Jaialdia zabalduko duen binakakoan, Irribarria eta Oier Etxebarria bikoteak Pello Etxeberria eta Martijak osatutakoari egingo dio aurre. Eta, amaitzeko, Victor-Arbizu eta Zabala-Erostarbe bikoteek neurtuko dituzte indarrak.