Gaur eta etzi Mendifilm Festivaleko proiekzioak Coliseoan

Gaur eta etzi Mendifilm Festivaleko proiekzioak Coliseoan
2019/03/11 eta kitto!
Klub Deportiboko mendi batzordeak antolatutako Mendi Jardunaldietako egitarauaren barruan, gaur 19:00etan Bilbao Mendifilm Festivaletik ekarritako lehenengo proiekzioa eskainiko dute. Austriako Marten Persielen "The search for the wooo" (11 minutuko laburmetraia) eta herrialde bereko Josh Lowell eta Peter Mortimer-ek zuzendutako 100 minutuko "The Dawn Wall" izango dira ikusgai. Lehenengoan Kepa Acero surflariak izango du bere tokia; bigarrenak, bestalde, Yosemiteko Parke Nazionalean ia kilometro bateko hormatzarra eskalatzeak berarekin ekarri zuena kontatzen digu, "mundu osoaren arreta bereganatzeraino heldu baitzen". Etzi Coliseoan bertan eta ordu berean hiru izango dira eskainiko dizkiguten pelikulak: AEB-etako "Wallmapu"-k (6 minutukoa) "Ama Lurraren hizkuntzaren orroa" erakutsiko du, Frantziako "In the starlight"-en (53 minutu) Paul Zizka argazkilariaren lanbidea kontatuko zaigu eta "Everest green"-en (Frantziakoa eta 53 minutukoa hau ere) alpinismoaren eta turismoaren arteko aldea bilatzen ahaleginduko dira.
Juanjo San Sebastianen "El viaje" hitzaldia izango da hurrengo asteko ekitaldi nagusia. Hilaren 20an, eguaztenean, 19:00etan hasiko den hitzaldi horretan mendizaleak egindako ibilbidea geureganatuko du, "mendiko historia bat baino gehiago, emozio eta ikuspuntuena eskainiz". Domekan Zuhaitz Eguna ospatuko da Jardunaldien barruan, goizeko 09:30ean hasiko den eguneko egitarauaren barruan. Jardunaldiekin amaitzeko, hilaren azken egunean (31n, domekan), NeguTrail topaketa, bazkaria eta solasaldia izango da Uxue Frailerekin. Egun horretako mendi-lasterketa 09:00etan hasiko da (doan da) eta 14:00etan Deporren hasiko den bazkarian eta solasaldian parte hartzeko 20 euro ordaindu beharko da (kalamuakorrikalaritaldea@gmail.com).