Gaur goizetik dago zabalik udako merkealdien azoka Toribio Etxebarria kalean

Gaur goizetik dago zabalik udako merkealdien azoka Toribio Etxebarria kalean
2018/07/18 eta kitto!
Gaur goizean zabaldu dute Eibarko Udako Merkealdien Azoka, Toribio Etxebarria kalean. Eibar Merkataritza Gune Irekiak, Eibarko Udalaren laguntzarekin antolatutako azoka barixakura arte egongo da martxan eta egunero goizeko 10:00etatik 20:00etara zabalduko dute. Antolatzaileek, Udal ordezkariekin batera gaur goizean inauguratu duten azoka hamaikagarren ediziora ailegatu da eta, oraingo honetan, 32 establezimentuk dihardute parte hartzen. Gehienek euren produktu eta eskaintzak kalera atera dituzte, kalean ipini dituzten karpetako postuetara, baina beste batzuk dendan bertan prestatu dituzte merkealdi bereziak. Toribio Etxebarrian postua ipini duten 26 dendak honako hauek dira: Askasibar, Atelier, Beittu zentro optikoa, Burbujas y Más, Bambi oinetakoak, Cedry, Doroti, Eskulan, Farmalur, Gratzina, Guby Mutilak, Guby Neskak, Ikusimakusi, Izane, Khloe, Kopiña, Leder, Marsi, Neure, Nona, Rosa Domínguez, Ttiki, Txukuna, Valenciaga eta Xare. Eta dendetan parte hartzea nahiago izan dutenak, berriz, beste hauek dira: Federópticos Igmar, Los Chicos, No Comment, Tribeka, Urdanibia eta Vieco.

IMG_6749

…eta kitto! Euskara Elkartea azokan, “Euskeraz Primeran!” kanpainarekin

Aurten ere ...eta kitto! Euskara Elkarteak azokan parte hartzen dihardu“Euskeraz Primeran!” kanpainarekin, “merkataritza eta ostalaritzan euskeraren erabilera bultzatzeko asmoz”. Euskara elkartearen mahaira gerturatzen diranek hiru konpromiso hartzeko aukera izango dute oraingoan: “Euskeraz ez dakitenek denda eta tabernetan lehen berba eta agurra behintzat euskeraz egitea; eta dakitenek, berriz, denda eta tabernetan euskeraz eskatzea eta, gainera, lagunekin batera egon ezkero, eurekin ere euskeraz jardutea”. Konpromisoa hartzen dutenek erosketa zerrenda osatzeko imandun bloka jasoko dute opari moduan, honako goiburuarekin: “Dendetan ere Euskeraz Primeran!”. Hiru egunetan egongo da “Euskaraz Primeran!” kanpainaren txokoa azokan eta parte hartzen duten guztiek Eibar Merkataritza Gune Irekiak emango duen 100 euroko erosketa-txartela irabazteko aukera izango dute. Horren zozketa azken egunean, barixakuan egingo dute, 13:00ean.

faktoring 2

Euskeraz primeran merkealdien azoka