Eguenera bitartean jasoko dute “Emakumeen ekarpenak Eibarko industrian” erakusketarako materiala

Eguenera bitartean jasoko dute “Emakumeen ekarpenak Eibarko industrian”  erakusketarako materiala
ETA KITTO 2020, Ots 17

Martxoaren 8aren inguruan prestatzen ari diren programazioaren barruan, aparteko garrantzia izango du “Emakumeen ekarpenak Eibarko industrian” izeneko erakusketak. Hori antolatzeko beharrean dagoen lantaldekoek (…eta kitto! Euskara Elkartea, Arrate Kultur Elkartea, Hitzez, emakume independenteak, Eibarko Gurutze Gorriko Errefuxiatuen programa eta Berdintasun Zerbitzua-Andretxea) azaldu dutenez, “oraingo honetan egingo den erakusketa herritar guztietzat zabalik egongo da, nahi duten guztiek parte hartzeko modukoa izango da. Gure asmoa erakusketa partehartzailea izatea da, eta zenbat eta jende gehiagok parte hartu, orduan eta hobeto, horrela denon artean aberasgarriagoa izatea lortuko dugu eta”. Asmo horrekin, partehartzea sustatzeko bideak zabalduko dituzte hasieratik: “Erakusketa zabaldu baino lehen, hori prestatzeko materiala bilduko dugu. Berez, erakusketa Zaida Fernandez Perez, Savina Lafita Sole eta Luz Maceira Ochoak, Eibarko Berdintasun Zerbitzuak eta Emakumearen Mahaiak hala eskatuta egin duen “Emakumerik gabe, Eibar, ez litzateke gaur egungoa izango. Emakumeen aztarnak Eibarko industrializazio prozesuan” liburuan oinarrituko da eta, horregatik, Eibarko andrek industrializazio prozesuan izandako eragina erakutsi eta islatzeko balio duten gauzak bildu nahi ditugu: josteko makinak, damaskinatutako piezak, erremintak, erropak… baita orduan sasoian egindako argazkiak eta dokumentuak ere”. Erakusketa osatzeko zerbait eduki ezkero Andretxeara (Zezenbide, 9) eraman daiteke, gaurtik hasita eguenera bitartean (09:00etatik 13:00era eta 16:00etatik 20:00etara).

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »