Genero indarkeriari buruzko mahaingurua antolatu du GazteON-ek (podcasta ere entzungai)

Genero indarkeriari buruzko mahaingurua antolatu du GazteON-ek (podcasta ere entzungai)
2019/10/02 eta kitto!
Emakumearen aurkako indarkeria genero-desberdintasunaren eta -diskriminazioaren adierazpen larrienetakoa da. Izan ere, genero-indarkeriak munduan minbiziak, malariak, gerrek eta auto-istripuek baino emakume gehiago hiltzen ditu.  Definiziora jota, genero-bortizkeria da emakumearen kontra, emakume izate hutsagatik, gauzatzen den edozein biolentzia-jarrera, kalte fisikoa, sexuala edota psikologikoa eragiten duena. Datuei erreparatu besterik ez dago errealitatea zein gordina den antzemateko: munduan, 15 segundoro emakume bat erasotzen dute. Espainian, 2019an, genero-bortizkeriak 42 andrazko hil ditu; eta, gurera etorrita, Hego Euskal Herrian, urtearen lehen hiruhilekoan 1.407 salaketa jarri dira, egunean 15, alegia. Eta gauza jakina da ez direla eraso guztiak salatzen, beraz, kopurua handiagoa da eta egoera latzagoa.

GazteON paperezko gehigarrian 2019ko irailaren 27an kaleratuta (...eta kitto! astekariaren barruan)
PODCASTA edo audioa entzuteko:

https://open.spotify.com/show/1AcKVrm2CuAcrABy409P34

 

Azken urteotan berdintasunaren mesedetan urrats nabarmenak eman badira ere, genero-bortizkeria arazo sozial global eta estrukturala dela esan dezakegu. Hori horrela, arazoari errotik heltzeko, jatorrira jo beharra dago, baina ez da erraza zergatiak zehaztea, arrazoi anitz ezkutatzen dira-eta gatazkaren atzean. Batetik, dugun gizarte-antolamenduak ez du batere laguntzen; aitzitik, arazoaren oinarrian patriarkatua dago, alegia, gizonek emakumeekiko boterean eta gailentasunean oinarritutako eredu soziokulturala.

Ildo horretatik, sexu-hezitzailea den Amaia Urrejolak honela diosku: “eskoletan historian zehar sexuen arteko elkarbizitza erreala zein izan den ikastea funtsezkoa da. Azkenean emakumeok hiru mende daramatzagu pertsona izaten; hortaz, hemezortzi mendean ez gara pertsonak izan, objektuak baizik. Lorpen hori, pertsona izaten hastearena, mugimendu feministari esker izan da. Kontua da hori ez dugula ikasten eskoletan, eta funtsezkoa da hori jakitea; ez da izan demokraziari esker. Era berean, emakumeok ere sexua daukagula kontsideratzea mugimendu horren lorpena izan da. Arazo eta gaitz honen atzean dagoen zergati eta arrazoi estruktural honekin apurtzeko jakin behar dugu non dauden benetan oinarriak, eta hor eskola sartzen da ezinbestean”.

Uxue Igarza militante feministaren iritziz, badaukagu datuei heltzeko joera bat, eta argi dago beharrezkoa dela kontabilizatze hori. Baina badago horren atzean, bere ustez oso garrantzitsua den indarkeria sinboliko bat, ezin dena ikusi, ezin dena ia igarri ere egin, oso oharkabean pasatzen dena, eta Uxueren iritziz benetan identifikatzen badugu funtsezko tresna izango da sistema osoa eraldatzeko. Gakoa indarkeria sinboliko horretan dagoela diosku.

Sare sozialak eta maitasun erromantikoa
Bestetik, DISNEY maitasuna edo maitasun erromantikoa ere aipatzen da arazoaren iturburu moduan. Maitasun eredu hau mendebaldeko kulturan nagusi dugu, eta hiru ezaugarri arriskutsu ditu: betierekotasuna, heterosexualitatea eta esklusibitatea. Horretaz gain, mendekotasunean oinarritzen da, eta beste pertsona norbere jabetza balitz bezala ikustera garamatza.  Ikuspegi horrek ez ditu aintzat hartzen berdintasunean oinarritutako harremanak eta oso egoera bidegabeak eragiten ditu. Uxueren hitzak dira honakoak: “Disney maitasuna aipatzea gustatuko litzaidake, betiko maitasun topikoetan errotzen dena, maitasun toxikoetan, eta horiek dira guk ditugun erreferenteak: telebistan ikusten ditugunak, liburuetan irakurtzen ditugunak, txiki-txikitatik erreferente izan ditugunak… Eta beste alde batetik, uste dut lehen esan dudan bezala, sistema heteropatrialkala garai berrietara moldatzen dela; bada, orain sare sozialez baliatzen da. Sare sozialek aukera ematen dute kontrola areagotzeko, eta horri Disney maitasuna gehitzen badiogu, emaitza kontrola da, harreman toxikoak, bortitzak".

Hala ere, sare sozialen alde ona ere nabarmentzen du sexologoak: “Egia da hein handi baten sare sozialen aldeko apustua egitea gustatuko litzaidakeela, badagoelako erabilera egoki bat, zeinari esker borroka feministak ere onurak dituen: badaukagu saretze bat, badaukagu informatzeko iturria, erreferente berriak bilatzeko aukera. Beraz, gakoa sare sozialen erabilera egokia da". Uxue ere iritzi berekoa da: "Sare sozialek ematen dute izugarrizko aukera inoiz baino gehiago bestea kontrolatzeko, baina egia da erabilera egokia eginez gero, oso erabilgarriak eta lagungarriak direla, kontzientziazio maila asko handitu bada, sare sozialei esker izan da".

Era berean, kontrakoa pentsa badaiteke ere, gazteen artean ere gero eta ohikoagoa da genero-bortizkeria. Sare sozialak aipatu ditugu, batetik, eta bestetik, gazteen ispilu diren inguruko nagusien eredua aipatu beharra dago. Amaiak argi dauka: gazteen artean indarkeria badago, helduen artean dagoelako da. Azkenean, gazteen erreferenteak helduak direlako. Beraz, helduen artean gaitz hau ez bada eteten, gazteek erreproduzitzera joko dute, gazteek helduak imitatzen dituztelako.

Musikaren indarra
Modako kanten letrek, bestalde, talka egiten dute indarkeriari aurre egiteko egiten diren borroka guztiekin, eta horrek arazoa korapilatu baino ez du egiten. Kontua muturrera eramaten dela dioenik ere badago, baina Uxuek horrela dio “Indarkeria transmititzen duten letra bortitzak ez genituzke onartu beharko. Bilboko jaietako adibidea ipiniko dut, ez dut uste musika hori debekatzea zentzura denik, ezta adierazpen askatasunari uko egitea denik ere, uste dut emakumeon kontrako indarkeriaren adibide garbi bat dela, diru publikoz eta espazio publiko baten aurrera ateratzera zihoana. Ni ez naiz espazio pribatuetan zer musika entzun behar den esatera sartuko, baina uste dut horrelako mezuak ezin direla onartu. Mezu naziak edo faxistak izango balira, ez lirateke onartuko. Zergatik onartzen dira emakumeen kontra doazen letrak? Hor nik kriston barne gatazka daukat eta haserrea: Bilboko kasu horrek guztiz harrituta laga ninduen, batez ere Euskal Herriko kulturazale eta adituen komentarioak irakurri eta gero, ziotenak hori adierazpen askatasunaren aurka joatea dela. Bestetik, egia da betidanik egon direla horrelako abestiak, eta betidanik egon dira euskal tradizioan ere bai, abesti herrikoietan eta abar. Musika jendarte oso baten espresioa da, ezin da moldatu, jendarte batek pentsatzen duena da, musikara bideratuta, orduan hor, noski, denetik dago. Baina nik gure erreferenteak indartuko nituzke, badaude mila musika talde letra feministekin emakumeak ahalduntzeko, LGTI kolektiboaren aldeko musika taldeak… ba bueno, egingo dugu horren aldeko apustu bat, ekarriko ditugu horrek herriko jaietara, jarriko ditugu horrek zapatu gabetan tabernetan… Ados, jendeak ez ditu ezagutzen, lehenengo gauean ez behintzat, bigarrenean agian bai, agian horri esker hasiko gara hori entzuten eta besteak alde batera lagako ditugu. Musikak herri bateko hezkuntzarako balio duela uste dut, eta ideiak aldatzeko, musika oso boteretsua da, beti izan da.”

Debekua eraginkorra ote?
Debekatzea eragingarria den ere eztabaida iturri bihurtu da. Amaiaren iritziz “patriarkatuaren aliatu nagusienetakoa merkatu kapitalista da, eta eurek daukate boterea. Orduan, bonbardeoa izugarria da, baina ni debekuaren debekuaren aldekoa naiz, baina argi dago zentzuzko kriterio bat eduki behar dela, hau da, diru publikoa ezin dugu erabili horrelako letrak abesten dituen abeslaria kontratatzeko, hori argi eduki behar dugu. Baina nik uste dut batzuetan entzuleak infantilizatzen ditugula, eta oso paternalistak gara. Benetan egin behar duguna entzuleen kritikotasuna suspertzen laguntzea da, hau da, letra matxistak dituen abesti bat entzun eta mezu esplizituak eta inplizituak filtratzeko gai banaiz, ba listo, horrekin nahikoa da, eta nik aukeratuko dut nahi dudan hori entzuten jarraitu edo ez, baina noski, jendeari ezin diogu esan zer egin behar duen, eta zer musika entzun behar duen. Eta badakigu debekuak kontrakoa ekartzen duela, ez da erraza, baina nik uste hor tentuz ibili behar garela.” Gaur egungo abestien letrak debekatzea adierazpen askatasuna ukatzea dela iruditzen zaio Jessica Ots-i: "Ikasi egin behar dugu letra horiek abesti hutsak direla, eta ez ditugula zertan interpretatu“.

Arrazoiak arrazoi, argi dago jendartea gaixo dagoela eta sendabidea denon esku dagoela, gizon zein emakumeon esku. Jurgen Landaren ustez, "behar bezalako gizarte-aldaketa nabari bat egoteko, ezinbestekoa da heziketaren oinarriak aldatzea. Heziketa onik gabe, ez gara inora iritsiko”.

Elkarlanean aritu ezean, nekez egingo diogu aurre gero eta arazo handiagoa bihurtzen ari den genero-indarkeriari.