Bidaiatzeko sasoia

Bidaiatzeko sasoia
2018/07/13 11:12
eta kitto!
Udan Eibar eta inguruetan geratzea aukera ona da. Aukera ugari dago eta orain ez ditugu gure altxorrak deskubrituko, baina hemendik kanpo mundu bat dago. Hondartza edo mendia, lasaitasuna edo abentura, museoak edo festa. Aukera, zurea da. Denbora eta gogoa badaukazu, uda ahaztezina pasa dezakezu. Bete ezazu motxila ilusioz eta gozatu!

 

Bidaia bat egiteko orduan hainbat gauza hartu behar dira kontuan. Nora joan nahi dut? Nola joango naiz? Non egingo dut lo? Eta ez beti ordena horretan. Zure esku geratuko da zer lehenetsi, guk aholku batzuk besterik ez dizkizugu emango.

Zure nahia hemendik urruti joatea bada, hegazkina hartzea da aukera onena. Azken urteotan asko ugaritu da hegaldi merkeen eskaintza eta skyscanner.com webgune famatua da zuri ondoen egokitzen zaizun hegaldia aurkitzeko plataforma onena. Honek ez baditu zure nahiak betetzen, kayak.es edo momondo.es webguneak ere gomendagarriak dira. Bestetik, badaude aparteko eskaintzen berri ematen dituzten hainbat webgune ere (guialowcost.es, happylowcost.com eta secretflying.com adibidez). Hori bai, adi ibili behar zara, eskaintza asko berehala agortzen direlako.

Hegaldiak hartzeko orduan kontuan izan hegaldi zuzenak diren ala ez (eskalak egiten dituztenak merkeagoak izan ohi dira), zuen motxila edo maleta fakturatu dezakezuen eta txartelak denborarekin hartzen saiatu. Gogoratu, gainera, Loiuko aireportuaz gain Gasteiz eta Biarritzekoak ere hurbil ditugula, eta hegaldi merkeak irteten dira handik.

Bidea maite dutenentzat trena da aukera erromantikoena. Europako trenbide sareak edonora heltzen dira eta aski ezaguna da Interrail txartela, hainbat belaunalditako gazteentzat atzerrian bidaiatzen egindako lehen abentura handia. Europan zehar trenean ibiltzeko txartela da Interrail eta hainbat aukera ditu: 15 egunekoa, 22 egunekoa, hilabetekoa, malgua... Aurten Europar Batasunak Interraileko 1.364 banatu ditu 18 urte bete zituztenen artean eta 11.680 gaztek egin dute eskaera. Izan ere, trenean bidaiatzeko xarma inoiz ez da galtzen.

Errepidea hartuz gero, aukera ezberdinak daude. Autobusean bidaiatu nahi duenak goeuro.es edota checkmybus.es webguneetan aurki ditzake aukera onenak. Autoan bidaiatuz gero, jende gehiagorekin bidaiatzea komenigarria da gastuak guztien artean banatzeko, eta autorik eduki ezean, blablacar.es bezalako webguneek autoa partekatzeko aukera ematen dute (eta autoa duenak, bidaideak bilatu ditzake).

Eta bizikletan bidaiatu nahi baduzu? Ba zakutoak ondo lotu eta bidea egin. Askatasun sentsazioa sentitzeko modu aparta da bizikletan bidaiatzea... eta oso merkea da! Bizikletan ibiltzeko errepide bikainak aurkitu daitezke Europako herrialde askotan eta horren lekuko dira viajesenbici.es, viajarenbici.es eta rodadas.net webguneak. Hainbat ibilbide eta aholku aurkituko dituzue orrialde horietan.

 

Non egingo dugu lo?

Eguraldia lagun izan ohi dugu udan eta camping egiteko sasoi aproposa izaten da. Euskadiko Camping Federazioaren webgunean (campingseuskadi.com) gure inguruko campingen berri izango duzu, baina vayacamping.net webgunea ere lagungarria izango zaizu.

Jende berria ezagutu eta gau batzuk ezer ordaindu gabe pasa nahi badituzu, couchsurfing.com da aukera. Izan ere, jendeak bere etxeko sofa edo ohe bat bisitarien esku uzten du plataforma honen bitartez.

Bidaiatzeko aukerak mila dira eta norberak egingo du bere bidea, ez dagoelako bidaiatzeko modu jakin bat. Beraz, probatu nahi duzun bidaia uda honetan.