Debabarreneko Euskararen Ginkanan parte hartzeko izen-ematea zabalik DBHko 4. mailako ikasleentzat

Debabarreneko Euskararen Ginkanan parte hartzeko izen-ematea zabalik DBHko 4. mailako ikasleentzat
ETA KITTO 2019, Urr 07

Webgune goiburua Debabarrena

Urriaren 22ra arte zabalik egongo da Debabarreneko Euskararen Ginkanan izena emateko epea.  DBHko 4. mailako ikasleei zuzendutako lehiaketa da eta euskara eta ekologia eta bien arteko lotura izango ditu ardatz. Ginkararen final handia abenduaren 4an ospatuko da Eibarko Coliseo Antzokian.
Lehiaketa Kutxa Ekoguneak sustatzen du, Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean eta Deba, Mutriku, Elgoibar, Eibar eta Soraluzeko udalen eta Eibarren AKEBAI plataformaren laguntzarekin.

Euskararen Ginkana euskararekin eta euskaraz dibertitzeko lehiaketa da. Euskararekin, hizkuntza aniztasunarekin eta hizkuntza-ekologiarekin lotutako hainbat proba burutu behar izaten dituzte talde lehiakideek. Aurten Debabarrenara heldu da lehiaketa eta “hizkuntza-ekologia” izango da lehiaketaren gaia.
Debabarreneko ikastetxe guztietako DBHko 4.mailako ikasleei zuzendutako lehiaketa berri honek euskara eta ekologiaren arteko lotura izango ditu ardatz eta hainbat proba egin beharko dituzte taldeek. Parte-hartzea eta izen-ematea taldekakoa izango da, eta parte hartzaileak Debabarrenan bizi edota bertan ikasten dutenak izango dira. DBH 4ko ikasleen 4-8 laguneko taldeak osatu beharko dira horretarako.

1.200 euro saritan
Lehen 4 probak Internet bidez erantzun beharko dituzte urriaren 23tik azaroaren 20ra bitartean, astero proba bat gaindituz. Horietan puntuazio altuena lortzen duten taldeak abenduaren 4an ospatuko den final handira joango dira. Finala Eibarren izango da, Coliseo Antzokian. Bertan, beste 4 proba burutu beharko dituzte aurrez aurre eta orduan erabakiko da nor den Debabarreneko Euskararen Ginkanaren talde irabazlea.
Guztira 1.200€ banatuko dira saritan talde finalisten artean. Talde irabazleak 800€ko saria jasoko du. Bigarren geratzen den taldea  200€ko saria izango du. Eta hirugarren eta laugarren geratzen diren taldeentzako 100€ko balioa duen saria egongo da.

Izen-ematea zabalik
Urriaren 22ra arte izen-ematea zabalik egongo da DBHko 4.mailako ikasleentzat euskararenginkana.eus webgunean. Izena eman ahal izateko, 4 taldekidez osatutako taldea sortu eta webgunean dagoen galdetegia bete beharko dute, taldearen aurkezpen bideo labur bat bidaltzearekin batera. Informazio gehiago:
www.euskararenginkana.eus
euskararenginkana@ekogunea.eus

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »