Eibarko musikari gazteak primeran ibili dira Madrilen

Eibarko musikari gazteak primeran ibili dira Madrilen
ETA KITTO 2018, Api 20

Aurten ere, Eibarko Koru Gazteko kideek eta Eibarko trikitilari eta panderojole taldekoek Aste Santuan izan dituzten oporrak aprobetxatu dituzte bidaia egiteko. Oraingoan, Madril aukeratu dute eta, besteak beste, han eman dituzten egunetan kontzertu bat eskaini dute eta musikal bat ikustera joan dira. Pazko-asteko martitzenean irten ziren Eibarko autobus geltokitik goizean goiz eta, esan digutenez, “bidaia oso luzea izan arren, ez genuen aspertzeko astirik izan, bidean abesten eta berbetan joan ginen-eta”. Madrilera ailegatu eta jarraian, arratsaldean San Ignazio elizan egon ginen, iluntzean eman behar genuen kontzertua prestatzen. Madrilgo eliza honetan mezak euskeraz egiten dituzte eta, gazteen berbetan, “guk, eman genezakeen onena eman genuen. Su Ta Gar taldearen “Itxaropena”, Operación Triunfoko “Camina” eta Benito Lertxundiren `Nere herriko neskatsa maite´ kantatu genituen, besteak beste, eta abestiak asko gustatu zitzaizkion gu ikustera etorri zen jendetzari. Eta kontzertua amaitu zenean, jendeak gehiago eskatzen zuela ikusita, eliza kanpoan, trikitilari eta panderojoleen musikaren erritmora dantzan hasi ginen. Euskal dantzak (fandangoa, arin-arina…) dantzatu genituen eta, horrez gain, dantzarik ez zuten abestiekin inprobisatzen ibili ginen eta, han sortu genuen anabasak giro ona, umorea eta poz handia transmititzen zituenez, paretik pasatzen ziren turistek mugikorraz grabatzen ibili ziren. Horrela, azkenenan gure kontzertua ordu erdi luzatu genuen. Eta, eguna biribiltzeko, Euskal Etxean afaltzera gonbidatu gintuzten. Afalostea trikitixaren erritmora eta dantzan joan zitzaigun”.

Hala ere, hurrengo egunean goiz esnatu ziren: “Goizean Gran Vian erosketak egin eta gero, arratsaldean ‘Billy Elliot’ musikala ikustera joan ginen. Izugarri gustatu zitzaigun ikuskizuna, abestien aldetik oso landua zelako, eta batez ere jantziak, argiak, eszenografia, dantzak… eta gainontzeko arlo bisualak ikusgarriak zirelako”. Azken egunean, berriz, Puerta del Sol plazara joan ziren abestu eta dantzatzera. Diotenez, “esperientzia itzela izan da eta ea datorren urtean ere beste nonbaitera joateko aukera suertatzen zaigun. Bide batez eskerrak eman nahi dizkiegu kontzertua ikustera etorri ziren guztiei eta, nola ez, San Ignazio elizakoei eta Madrilgo Euskal Etxekoei!”.

musika eskolakoak madrilen 1

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »