Elhuyar Zientzia Azokan parte hartzeko izen-ematea gaur zabaldu dute

Elhuyar Zientzia Azokan parte hartzeko izen-ematea gaur zabaldu dute
ETA KITTO 2022, Urt 10

Gaur zabaldu dute 2022ko Elhuyar Zientzia Azokan izena emateko epea eta Elhuyarrek Euskal Herriko 12-18 urte bitarteko gazteei eta beraien irakasleei parte hartzeko gonbita luzatu nahi die: “Elhuyar Zientzia Azoka gazteek garatutako zientzia-proiektuen ekimen bat da, ikerketa zientifikoa eta garapen teknologikoa barrutik bizitzeko aukera izan dezaten sortua, eta Euskal Herriko ikastetxe guztiak daude gonbidatuta parte hartzera, DBHko eta Batxilergoko gazteekin. Gazte-taldeek erabakitzen duten gaiaren inguruan arituko dira talde-lanean: galdetzen, ikertzen, diseinatzen, eraikitzen, partekatzen eta esperientzia berriak bizitzen. Lanaren emaitza ikerketa-proiektu bat nahiz proiektu teknologiko bat izango da”.

Ekainaren lehen asteburuan ospatuko da Elhuyar Zientzia Azokaren ekitaldi nagusia Bilboko Areatzako kaian eta gazteek eginiko lanak aurrez aurre ezagutzeko aukera izango da. Gazteei laguntzeko eta STEM mundu profesionalaren gertuko erreferentziak izan ditzaten, Euskal Zientzia eta Teknologia sareko ikertzaile-talde zabala bildu du dagoeneko Elhuyarrek, gazteen aholkulari izan daitezen. Izan ere, 301 ikertzailek emana dute izena 2022ko Elhuyar Zientzia Azokan gazteen aholkulari izateko.

Elhuyar Zientzia Azokaren inguruan jakin beharreko xehetasunak eta baldintzak, eta izena emateko formularioa, Elhuyar Zientzia Azokaren webgunean daude.

Aurten 10. urteurrena beteko du Elhuyar Zientzia Azokak eta, 2013an lehen edizioa egin zenetik gaur arte, 12-18 urte bitarteko ia 7.000 gaztek hartu dute parte, 1.089 ikerketa-proiektu edo proiektu teknologikorekin.

Elhuyar Zientzia Azokak Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren, Fundación Española para la Ciencia y la Tecnologíaren (FECYT), Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, eta Erabi-ren laguntza ekonomikoa du, eta euskal unibertsitate eta ikerketa-zentro nagusien eta Euroeskualdearen lankidetza.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »