Lanbide prestakuntzarako izen-ematea zabalik

Lanbide prestakuntzarako izen-ematea zabalik
2013/06/13 eta kitto!

Azitainen, sasoi batean Lantegi Eskola hartu zuen etxean dagoen Lanbide Heziketarako ikastetxeak 2013-14 ikasturte berrirako matrikulazioa martxan dauka eta izena eman nahi dutenek ekainaren 21era arteko epea izango dute horretarako. DBH amaitu ez duten 16-18 urte bitarteko gazteentzat bereziki pentsatutako zentruan doako ikastaroak eskaintzen dituzte eta, aurreko ikasturtean egindakoaren bidetik, hurrengo ikasturtean ere espezialitate bitan trebatzeko aukera eskainiko diete izena ematen duten gazteei: sukaldaritza eta zerbitzari-lana irakatsiko dute batetik eta egur-zurgintza (fabrikazioa, muntaketa eta akabera) bestetik.
Zentruko arduradunen berbetan, "ematen ditugun prestakuntza-ikastaroak DBHko graduatua lortu ez duten gazteentzako dira. Ofizioa erakusten zaie eta, lanaren osagarri legez, DBHko azterketak gainditzeko prestakuntza eta erdi-mailako graduaren sarrerako azterketara aurkezteko aukera ere ematen zaie. Gainera, bigarren urtean, enpresetan praktikak egiteko aukera izango dute".
Kurtso berria 2013ko irailean hasi eta 2014ko ekainean amaituko da eta klaseak astelehenetik barixakura emango dituzte, 08.00etatik 14.00etara.
Sukaldaritza eta zerbitzari-lana espezialitatea ikastea aukeratzen dutenek, besteak beste, janariak nola prestatu eta kontserbatu, errezeta erraz batzuk eta piska bat zailagoak nola egin eta horiek nola zerbitzatu ikasiko dute. Eta egur-zurgintzaren fabrikazioa, muntaketa eta akabera moduluan honako gaiak jorratuko dituzte: makinariaren inguruko ezagutza, altzarien produkzioa eta zaintza eta egur-zurgintzarako hainbat produktu. Azkenik, muntaketa, instalazioa eta produktuen aplikazioa ere landuko dute.
Arduradunek diotenari jarraituta, "matrikula doan da eta taldeak txikiak. Ikasleei orientazio pertsonalizatua eskaintzen zaie, alor pertsonalean, bai prestakuntzaren inguruan bai lan alorraren inguruan. Bestalde, ikasturtean zehar izaera ludikoko eta kulturaleko hainbat jarduera antolatzen dira eskolaz kanpo".
Matrikula egin nahi dutenek Pegoran hitzordua har dezakete, 943708400 telefonora deituta edo pegora@eibar.net helbidera idatzita. Matrikula egiteko aurkeztu beharreko agiriak hauek dira: errolda-ziurtagiria, NANaren fotokopia, duela gutxi egindako argazki bat eta gainditu den azkenengo ikasturtearen ziurtagiria.
Eskualdean lanbide hastapeneko eskaintza osatzen, Eibarko zentruarekin batera Ermua-Mallabiakoak elkarlanean dihardu. Ermuko ikastetxean ikas daitezkeen ofizioak ibilgailu-konponketarako laguntzailea, ileapaindegi-laguntzailea eta mekanizatuko langilea dira. Ikastaro horiei buruz informazio gehiago eskuratu nahi duenak 943176422 telefonora deitu dezake.
Lanbide hastapenerako zentroa 1989. urtean sortu zen Lanbide Hastapena izenarekin; orduan Ikasbat-ek, Debegesari atxikitako erakundeak kudeatzen zuen. 1995. urtean, egoitza Elgoibarren izan arren Eibarko Udalaren eskuetara pasatu zen eta 2011. urtean Eibarrera etorri zen, behin betiko gure herrian geratzeko. Lehenago klase teorikoak Ondamendiko (Ermua) haurtzaindegi zaharrean ematen ziren eta klase praktikoak Azitainen, hiltegi zaharraren instalazioetan. Aurrerantzean, baina, jarduera osoa Azitainen eskainiko dute.