Gimnasia erritmikako XX. San Andres txapelketa jokatuko da zapatuan

Gimnasia erritmikako XX. San Andres txapelketa jokatuko da zapatuan
ETA KITTO 2018, Aza 28

Azken urteotako edizioak San Andres jaien aurretik egin izan badira ere, aurtengo txapelketa abenduaren 1ean jokatuko da. Betiko lez, Ipurua kiroldegiak hartuko du torneoa eta arratsaldez egingo dute, 14:00etan hasi eta 19:00ak arte luzatuko den egitarauarekin. Ipurua Klubak antolatzen duen torneoan 18 taldek hartuko dute parte, Euskadi, Nafarroa, Errioxa, Aragoi, Gaztela-Leon eta Madril ordezkatzen. Abenduaren 13tik 16ra arte jokatuko den taldekako Espainiako txapelketari begira, azken aukera izango dute parte-hartzaileek indarrak neurtzeko.
Bestalde, Ipurua Klubeko hiru talde federatuek Euskalgym torneoan hartu zuten parte, estatu mailan handienetakoa dena parte-hartzaileen kantitateari zein kalitateari erreparatuta. Nahia Arguiz, Alaitz Aranbarri, Arrate Baroja, Jennifer Hernandez eta Lorea Armendarizek osatutako senior mailako boskoteak txapela jantzi zuen, 44 talderen artean, 10 mazekin egindako ariketari esker. Horrez gain, senior talde horrek parte hartu zuen BEC-en jokatutako Euskalgym Nazioarteko Galan ere. Zuzenean 9.000 ikusle hartu zituen ekitaldi horretan, ohikoa denez, munduko gimnasta onenak izan ziren, oraingo honetan gainera Ylenia Baglietto aktoreak eta Ana Ramos ETBko kazetariak zuzendu zuten ikuskizunean.
Junior taldeak bost zinta erabili zituen bere ariketan eta seigarren postuan sailkatu zen, 32 talderen artean. Lur Aranburu taldeko kidea Madrilen izan zen aurreko astean Espainiako Federazioak deitutako talentu berriendako jardunaldian. Eta kadete oinarri mailko boskotea zazpigarren geratu zen, 48 talderen artean, bost arorekin egindako lanari esker.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »