Saharako haurrei bidaltzeko neguko arropak bilduko dituzte astelehen arratsaldean

Saharako haurrei bidaltzeko neguko arropak bilduko dituzte astelehen arratsaldean
2020/09/06 eta kitto!
COVID-19aren pandemiak eragin duen egoera dela eta, Oporrak Bakean programarekin Saharatik Euskal Herrira uda pasatzera etortzekoak ziren 300 haur inguru kanpalekuetan geratu behar izan dira. Beste urte batzuetan, abuztuaren amaieran etxera itzuli aurretik, hemengo familia eta lagunek oparitutako erropa eta bestelakoekin betetako maletak eramaten dituzte, kanpalekuetan oso egoera latzean bizi direnen artean banatzeko, baina oraingoan etorri ez direnez, ezin izan dute maletarik bueltan eraman. Hala ere, Eibar-Sahara Elkarteak, beste hainbatekin batera, Saharako kanpamentuetara bidaltzeko 300 maleta prestatu nahi ditu, 10-16 urte bitarteko haurrek erabiltzeko moduko neguko arropekin (txamarrak, kirol-jertseak, zapatilak, manga luzedun kamisetak, txandalak…). Astelehenean, 17:00etatik 18:30era bitartean, Txonta kaleko 42. zenbakian egongo dira jendeak eramaten duena biltzen eta, bestela, 659591607 zenbakira deitu edo idatzita jar daiteke kontaktuan arduradunekin.