116.700 kilo pneumatiko batu dituzte garbiguneetan

116.700 kilo pneumatiko batu dituzte garbiguneetan
2022/04/11 eta kitto!
2018tik 2021era bitartean, 116.700 kilo pneumatiko batu dituzte eskualdeko lau garbiguneetan, horietatik 27.560 kilo 2021ean. Tailer mekanikoetan jasotzen ez dituzten pneumatikoak dira. Debabarreneko Mankomunitateak Desguaces Lezo enpresari esleitu berri dio pneumatiko horien birziklapena kudeatzeko zerbitzua.

Debabarreneko Mankomunitateak jakinarazi duenez, erabiltzen ez diren eta tailer mekanikoetan jasotzen ez dituzten pneumatikoak Ermuako, Eibarko, Elgoibarko eta Mutrikuko garbiguneetara eraman daitezke, halakoak batzeko zerbitzua eskaintzen dute-eta.

Erabiltzaile eta hilabete bakoitzeko 5 pneumatiko laga daitezke, 1.400 mm-tik beherako diametroko motorren, autoen eta furgoneten pneumatikoak, betiere, hagunengandik eta zati metalikoengandik bereizita.

Helarazitako datuen arabera, azken urteotan, pneumatiko kopuru handia bildu da: 2018an 33.600kg, 2019an 26.680kg, 2020an 28.860kg eta, azken urtean, 2021ean 27.560kg.

Jasotzen diren pneumatikoak birziklatzeko, mankomunitatearen Gobernu Batzordeak martxoaren 30ean onartu zuen zerbitzua Desguaces Lezo enpresari esleitzea bi urtez, 14.520 euroko prezioan, 242 euro tona bakoitzeko.

Isun handia

Garbiguneek eskaintzen duten zerbitzuaren berri emateaz bat, mankomunitateak gogora ekarri du, gaur egun, hainbatek pneumatikoak lekuz kanpo lagatzen dituztela eta ohartarazi du hori arau-hauste larri edo oso larri moduan tipifikatuta dagoela eta beraz, 600-45.000 euro bitarteko isuna izan dezakeela jokabide horrek.

Hori horrela, ingurumenari kalterik  ez egiteko eta birziklapena bultzatzeko, mankomunitateak herritarrei eskatu die garbiguneen zerbitzua erabil dezaten.