Zapaturako "truke eta doako azoka" antolatu du Nalua Eibarko talde feministak

Zapaturako "truke eta doako azoka" antolatu du Nalua Eibarko talde feministak
2022/12/13 eta kitto!


Urtero bezala, aurten ere truke eta doako azoka antolatu du Nalua Eibarko talde feministak. Ekitaldia abenduaren  17an, zapatua, egingo da Untzagan, goizeko 10etatik 14:30era.

“Garai honetako kontsumismo basatiaren inguruko hausnarketa zabaldu nahi dugu zuen artera, eta nola ez, horri aurre egiteko alternatiba proposatu nahi dizuegu: TRUKE ETA DOAKO AZOKA! Behar ez duzun azken belaunaldiko mugikorra, azken momentuan eta pentsatu gabe erosi duzun oparia, erabiliko ez duzun soinekoa… Eskatu, erosi, xahutu, kontsumitu... Ez dago besterik gabon-jaietan! Beherapenak, “klick” bateko erosketak, etxerainoko bidalketak… Kontsumoa erraztu eta azkartuz doa langileen eta ingurumenaren esplotazioaz baliatuta, produkzioan aritzen diren emakume* eta haurretatik hasi eta baldintza penagarrietan lan egiten duten Amazoneko banatzaileetaraino. Bigarren eskukoa erostea modan jarri da azken urteotan hainbat plataformaren laguntzarekin (Vinted, Walapop…); baina salerosketa horrek kontsumismoa gehiago erraztu du: pentsatu gabe behar ez duguna erosi, erabili ez eta saldu, behar ez ditugun produktu gehiago erosi ahal izateko. Horregatik guztiagatik, antolatu dugu aurten ere TRUKE ETA DOAKO AZOKA. Edonor gerturatu daiteke bertan dagoena hartzera, edota erabiltzen ez duena beste zerbaitengatik aldatzera! Berrerabili, konpondu, trukatu eta tokikoa eta beharrezkoa eros dezagun! Denon artean sistema kapitalista-heteropatriarkal honi aurre egingo diogu! Animatu eta parte hartu!”, diote Naluakoek.