“Eibarren Bizi” ailegatu berrientzako harrera-programa egingo da maiatzean

“Eibarren Bizi” ailegatu berrientzako harrera-programa egingo da maiatzean
2023/04/24 09:23
eta kitto!
“Eibarren Bizi” atzerriko jatorria duten biztanle berrientzako harrera-programaren bigarren edizioa egingo da maiatzaren 12tik 24ra, Udalaren Immigrazio eta Kultur-Aniztasunaren Unitatearen eskutik. Programa urtean hirutan (urtarrilean, maiatzean eta irailean) garatuko da, eta aldi bakoitzean sei informazio-saio egingo dira. Saio horietan, gizartean subjektu gisa integratzeko atzerritarrentzako funtsezko alderdi izango direnak azaldu eta landuko dituzte zenbait adituk. Maiatzaren 12an, 15ean, 17an, 19an, 22an eta 24an egingo dira, 10:00etatik 13:00etara, Portaleko 3. solairuko ikastaro gelan. Parte hartu nahi dutenek Gizarte Zerbitzuen Sailean (Portaleko 4. solairuan) eman behar dute izena, maiatzaren 9rako.

Saio hauen helburuak dira, besteak beste, Udalaren Harrera Sarea sendotzea, Eibarrera iritsi berri diren edo denbora bat daramaten pertsonei harrera egiteko gune bat sortzea, udalerria ezagutzeko informazioa eskaintzea eta pertsona bakoitzaren autonomia sustatzea, herriko baliabide, azpiegitura eta dinamiketan barneratzeko. Gainera, saio hauek herriaren dinamikan integratzen laguntzen dute.