2.000 euroko dirulaguntza emango dio Udalak Gazari, Israelekiko gatazka dela eta

2.000 euroko dirulaguntza emango dio Udalak Gazari, Israelekiko gatazka dela eta
2021/05/31 eta kitto!
Gurutze Gorriak bideratuko du laguntza, gatazkaren eremuan ari baita lanean; modu honetan, biktimei laguntzen jarraitzeko dirua batzeko mundu mailan egin den deialdiari erantzun nahi zaio.

Eibarko Udalak erabaki du 2.000 euroko laguntza humanitarioa ematea Gazari, Israelekiko gatazkaren biktimei laguntzeko; gatazkak 230 hildako palestinar baino gehiago eragin ditu, haietatik 60 baino gehiago umeak, milaka zauritu, eta 38.000etik gora desplazatu.

Bozeramale Batzordean aste honetan onartu den laguntza honen bidez dirua batzeko mundu mailan egindako deiari erantzun nahi zaio, hala, gatazka honen biktimei laguntzen jarraitu ahal izateko.

Apirilaren erdialdean hasi zen gatazka berri honetan, israeldarren eta palestinarren arteko ekintzak gero eta indar handiagoa hartzen hasi ziren. Maiatzaren 10ean koheteak jaurtitzen hasi ziren (Gazatik Israelera) eta aire-erasoak jotzen (Israeldik Gazara), eta horrek guztiak hildako ugari eragin zituen.

Ondorioak oso larriak izaten ari dira, bereziki, Gazan, Gurutze Gorria Eibar-Ermuak Alkatetzari igorritako txosten baten arabera. Kalte materialak ere handiak izan dira Gaza osoan: 5.000 etxebizitza kaltetu dituzte, eta ikastetxe eta osasun-zentroetan ere kalte handiak eragin dituzte.

Halaber, argindarra ere moztu egin da zenbait lekutan, eta horrek guztiak zuzenean eragin du osasunaren arretan, ur-horniduran eta saneamenduan. Gainera, horri guztiari Covid-19aren pandemia gehitu behar zaio, izan ere osasun-arloko hornigaiak agortzen ari dira.

Gurutze Gorria han bertan lan egiten ari da, Ilargi Erdi Gorria eta Israelgo Magen David Adom elkarteekin batera. Horregatik, Udalak Gurutze Gorria Eibar-Ermua erakundearen bidez bideratuko du dirulaguntza.

Larrialdietarako urteroko laguntzak

Eibarko Udalak programa bat du larrialdietarako eta laguntza humanitarioa bideratzeko, eta urtero diru-partida bat esleitzen du horretarako. Iaz bi laguntza eman ziren programaren baitan. Urrian 2.000 euroko larrialdiko laguntza bat eman zen Greziako Lesbos irlan dagoen Moriako errefuxiaturen kanpamenduaren egoera arintzeko; eta azaroan 1.000 euro bideratu ziren Erdialdeko Amerikan 'Eta' zikloi tropikalaren ondorioak arintzen laguntzeko.

2015.urteaz geroztik, Eibarko Udalak 40.000 euro inguru bideratu ditu larrialdiko dirulaguntzetarako Nepal, Indonesia, Peru, Guatemala, Sierra Leona, Filipinak, Ekuador edo Haitira, besteak beste, hondamendi meteorologikoek, fenomeno naturalek edo gatazkek eragindako ondorio larriak arintzeko xedez.