Intsumisioa eta derrigorrezko soldadutzaren aurkako borroka aztergai biharko “2 urte 4 hilabete eta egun bat” dokumentalean

Intsumisioa eta derrigorrezko soldadutzaren aurkako borroka aztergai biharko “2 urte 4 hilabete eta egun bat” dokumentalean
2022/01/17 eta kitto!
Bihar, asteartea (hilak 18), “2 urte 4 hilabete eta egun bat” dokumentala aurkeztuko dute Coliseoan, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Ordu eta erdiko iraupena duen Lander Garrok zuzendutako lanean intsumisioa, derrigorrezko soldaduskaren aurkako borroka eta desobedientzia zibila lantzen dira, sei lagunen esperientzietatik abiatuta. Guztiak espetxeratu zituzten soldaduskari uko egin izanagatik, “denek nahiago izan zutelako kartzela ejerzitoa baino”. Proiekzioa zuzendaria bertan dela egingo da eta sarrerak gonbidapenarekin eskuratu behar dira. Antolatzaileek, bestalde, garrantzi berezia ematen diote ondoren izango den solasaldiari eta jendeari deia egiten diete bertan parte hartzeko.

Aipatutako sei lagun horien uko egiteko arrazoien artean bakoitzarenak oso bereak izan ziren: bakezaletasuna, pentsaera anarkista, abertzaletasuna edo sinesmen erlijiosoak, besteak beste. “Zergatik sakrifikatuko zenituzke zure bizitzako 2 urte eta lau hilabete?” galdetzen dio dokumentalak ikusleari; izan ere, denbora hori pasa zuten kartzelan intsumiso izatea erabaki zutenek. Haien borrokari esker lortu zen Espainiako Estatuan derrigorrezko soldaduska bertan behera geratzea. Guztiek erakutsi zuten ausardia eta tema handia, harik eta Estatuari borroka irabaztea lortu zuten arte. Eta hori islatzen da 2020ko ekainean estreinatu zen lanean.

Lander Garro Lander Garro

KARTELA

Hainbat urtetako borroka
Orain dela mende laurdena pasatxo hasi ziren  soldadutzaren kontra egiteko mugimenduak. Kontzientzia eragozleak hasieran, eta intsumisoak ondoren. Ez ziren lehenak, ez guztiak, gerotxoago bezala, baina orduan hasi zen masiboagoa izaten. Inguruan zeuden bideetako bat hartutako mutilak, zalantzan zeudenak ere bai. Talde anti-miliak sortu ziren herri guztietan, eta Euskal Herri osorako beste hainbat elkarte. Horixe zen airean zebilena. Soldadutzari ezetza esateko geldialdi, manifestazio eta jaiak egiten ziren modu koloretsu, irudimentsu eta dibertigarrian.

2001eko martxoaren 9ko 247/2001 Errege Dekretuak amaiera eman zion derrigorrezko zerbitzu militarrari Espainian. Dekretu hark aurreratu baino ez zuen egin urteko abenduaren 31rako legez aurreikusita zegoen behin betiko amaiera. 1990eko hamarkadaren erdialdetik aurrera, soldaduskarekin amaitzeko aldarria gero eta zabalagoa eta ozenagoa zen; eta Eibarren soldaduskaren aurkako sentimenduak mugimendu antimilitarista eta intsumiso sendoa sortarazi zuen.

Derrigorrezko zerbitzu militarra ez zen inoiz oso onartua izan. Eibarrek soldadutzarekiko erresistentzia-ibilbide luzea  izan du beti:  boluntario liberalen semeetatik hasi (eibartar askok XIX. mendearen azken herenean gozatutako salbuespena), Marokoko iheslariekin jarraitu, eta 90eko hamarkadako mugimendu intsumisoarekin amaitzen dena. Erabateko errebeldiara iritsi gabe, beste eibartar askok ere estrategia ugari erabili zituzten denboran zehar zerbitzu militarretik libratzeko. Esaterako, azken soldadualdietako ehunka mutilek (2000ko azken 149tatik, 112) luzapenen bidez atzeratu nahi izan zuten kuartelerako bidea. Udalak zirenez "aberriaren" deia helarazteaz arduratzen zirenak, Eibarko Udal Artxiboan gaur egun 37 bat metro lineal gordetzen dira soldaduskak 144 urteetan eibartarren artean sortutako dokumentazioarekin.

Mugimendu asanblearioa
Intsumisioaren azken aurrekaria kontzientzia-objektoreen mugimendua izan zen, Francoren erregimenaren azken urteetan hasitakoa; kontzientzia-arrazoiak direla-eta soldadutza ez egiteko aukera legez onartzea nahi zuten. 1984an Kongresuak eskubide hori onartu zuen, baina soldadutzaren ordez 18 hilabeteko zerbitzu soziala egitera behartu zituzten objektoreak. Euretako batzuk, baina, kontra egin zioten horri, “ordaindutako postuak kentzen zirela” argudiatuz; eskainitako amnistiari ezetz esan zioten. Ejerzitoak berriro deitu zietenean, uko egin zioten bai soldadutzari, baita objekzioari ere. Delitugile bihurtu eta prozesatuak izan ziren, nahiz eta epai-prozesuetan eritzi publikoa gero eta argiago azaltzen zen derrigorrezko soldadutzaren aurka.

Soldadutza egiteari ezetz esateak urtebeteko kartzel-zigorra zekarren gutxienez. Ordezko zerbitzu sozialari ezetz esateak, bestalde, 2 urte, 4 hilabete eta egun bateko presoaldia zekarren. Gero eta gazte gehiagok egin zioten aurre soldadutzari, agerian lagaz juztizia militarrak ez zuela zertan epaitu behar oraindik zibilak zirenak. Horrek ohizko epai-mahaiei eman zien paso; hori bai, kode militarra erabiliz jarraitzeko.

Intsumisioa mugimendu asanblearioa izan zen, inongo alderdi politikorik kapitalizatu ez zuena. Estatuko hiri garrantzitsuenetan intsumisoen asanbleak osatu zituzten, inguruan euren artean koordinatzen ziren foro antimilitaristak bilduz. Zerbitzu militarra desagertzeko bezperan hamar mila intsumisotik gora zeuden Espainian. Intsumisioa antimilitarista izan zen, batez ere.

Bi urte estreinatu zela
“120 bat emanaldi daramatzagu”, dio Lander Garro dokumentalaren egileak, harrituta “oraindik toki askotatik deitzen digutelako”. Kontuan izan behar da hemendik gutxira bi urte beteko direla “Bi urte lau hilabete eta egun bat” estreinatu zela, baina egia da ere “pandemiaren erdi-erdian harrapatu gintula, eta hainbat tokitan bertan behera laga behar izan genuela”. Hori bai, Eibarren kasuan argi du Garrok: “Berandu ibili dira”.

Orain arte eskainitako emanaldietan “autoafirmazio ariketa polita dihardu izaten jendearentzat, azken batean garaipen baten kronika delako, eta hori ederra da”, dio egileak. “Ez gaude garaipenez hornituta, batez ere herri xeheak gobernuko aparatu indartsuenei aurre egin behar izan dionean; kontuan izanda, gainera, erakunde militarra zegoela tartean”. Soldadutzak urte mordoa zeramatzala indarrean ere badio, horrek zuen pisuarekin, baina dokumentalean “argi adierazten da galdutako borrokak lehiatzen ez direnak direla, irabaztea ere lortu daitekeela”.

Soldadutza amaitu zenetik mende laurdena igarota, dokumentala ikusten dutenen sentsazioa “nostalgia” hitzarekin laburbiltzen du Landerrek.Kontuan izan behar da jende askorentzat gaia ezezaguna dela. ”Artxiboko irudiak erabiltzean, galdutako gaztaroaren eta bizimoduaren lilurak harrapatzen zaitu”. Aipatutakoari “antolatzeko gaitasun baten” lilura ere gehitzen dio dokumentalaren egileak. Guzti horrek “indar-korrelazio askoz ere orekatuagoaren” lekuko bihurtzen duikuslea, “gaur egun galdutako punch-aren penaz” jabetzeaz gainera.

“Borroka politiko baten memoria egitea” izan zen Lander Garroren hasierako asmoa, batez ere “sasoi hartakoa gogoratzeko eta klabe edo gako batzuk eskaintzeko gaur egun ere horrelako bide bat egiteko aukera dagoela mahairatzeko”. Egitasmo horretan aipatzekoa da lanean emakumeek duten presentzia handia. “Nahita” egindako apostua izan zen, “dokumentalgintzan orokorrean emakumea gehienetan baztertua izan delako, inongo aitorpenik merezi ez balu bezala”. Testuinguru aproposa eritzi zioten gaur egungoa horretarako eta bide horretatik jo zuten, “hasieratik ikusi genuelako kriston emakumeak geneuzkagula, premisa politiko horretan lantzeko ikaragarrizko pertsonaiak”. Batez ere, soldadutza gizonen kontua bazen ere, intsumisioak emakumeei ere bazegokielako, “munduaren ikusmolde matxistaren aurkako ekimen bezala”. Gaur egungo mugimendu feministaren indarra 90. hamarkadako intsumisoen mugimenduarenarekin parekatzen du Garrok.
Dokumentalaren zuzendaria bera ere intsumisoa izan zen, eta pelikulako protagonistetako batekin, Gaizka Arangurenekin, izandako harremanetik jaso zuen enkargua. 2012an eraitsi zuten Iruñeako kartzela eta urte horretakoak dira grabatutako irudiak, sei protagonistek euren buruei egindakoak. Horko irudiak dira lanaren oinarri: “Iruñeakoa, gainera, munduan intsumiso gehien izan zituen kartzela izan zelako”. Egileak asmatu duela uste du “historia politiko bat emozioetatik abiatuta kontatzerakoan”. Dokumentalaren hasierako konplexutasunak amaieran bere zentzua hartzen du eta “ikuslea pozik geratzen da sariarekin”.

 

Eibarren ere sutsu bizi izan zen mugimendua
Eibarren ere intsumisioa inoiz baino indartsuago zegoen 1995. urtean, esaterako. Inoiz baino epaiketa, atxiloketa eta intsumisioaren aldeko ekintza gehiago izan ziren urte horretan; eta intsumisioaren aukera hartu zuten gazteak ere gero eta gehiago izan ziren. Besteak beste, Su Ta Gar-eko Aitor Gorosabel eta Asier Osororekin batera, Joseba Azpilikueta uda hasieran atxilotu zuten hirurak epaitegiko atean lotuta egon ondoren, eta gau batez Martutenen sartu zituzten. Azaroan, bestalde, Enrike Gisasola ez zen epaiketara joan eta, intsumisoei egiten zizkieten epaiketen aurka protesta egiteko, Untzagan egon zen 24 orduz ezer jan gabe. Aitor Hernandez zinegotzia ere atxilotu egin zuten abenduan epaiketara ez joateagatik.

1996an Eibarko intsumiso mordoa atxilotu eta epailearen aurretik pasatu behar izan ziren. Horren aurkako protesta asko egon zen, bakoitza aurrekoa baino imaginatiboagoa: preso jantzita Untzagan, udaletxean zintzilik, San Fermin entzierroa eginez Ertzaintzaren koartel aurrean... Talde Antimilitaristak “ausardia” eskatu zion Udalari, antimilitarismo kontuetan inplikazio handiagoa izateko. Udalak inhabilitatutako intsumisoak ez baztertzeko erabakia hartu zuen, baina instituzio militarrekin loturarik eteteko eskaerari ezetz esan zion.

1997ko urrian Guardia Zibilak Patxi Argarate intsumisoa atxilotu zuen, bere kontrako epaiketara agertu ez zelako. Atxiloketa gertatu eta Intxaurrondoko koartelera eraman zuten, baina gaua ez zuen koartel ezagun horretan eman, Ondarretakoan baino. Ordura arte guardia zibilek ez zuten intsumiso bakar bat ere atxilotu Eibarren. Dena dela, urtean zehar hainbat intsumiso atxilotu zituen Ertzaintzak, zitazio edo epaiketetara ez agertzeagatik. Urte amaieran, esaterako, sei intsumitu zeuden “busca y captura” egoeran

1998an objekzio-bulegoa zabaltzea onartu zuen Udalak, PSE-EE eta EAJ-PNVren aldeko botoekin. PPko ordezkariak abstentziora jo zuen eta HB, EA eta IU-EB alderdiek kontrako postura erakutsi zuten.

Lehen intsumiso presoa
Gaur egun Eibartik kanpo bizi den Joseba Lazkano izan zen kartzeleratu zuten lehenengo eibartarra. "Preso sartu zuten Euskal Herriko bigarren intsumisoa izan nintzen; aurretik, dena dela, kontzientzia-eragozle batzuk ere kartzeleratu zituzten". Guztira 16 hilabeteko zigorra jaso zuen, "baina lau hilabete egin nituen barruan, hurrengo hiruak hirugarren graduan egiteko". Hasteko, Iruñeara bidali zuten eta, ondoren, hirugarren graduko tartea Iruñea eta Basauriren artean bete zuen.

Bizitutako hura "sasoi borrokalaritzat" jotzen du, "gauzak aldatzeko gogoz, ilusio handikoak. Milia kentzea lortu genuen, baina beste asmo asko bidean geratu ziren". Onartzen du antimilitarismoa izan zela horretarako arrazoi nagusia, "gay izateak bere eragina izan bazuen ere". Eta herri mailan laguntza handia jaso zutela dio, "mobilizazioez gain, Udalak ere adierazpenak onartu zituelako".
Garroren dokumentala ikusi gabe du oraindik eta martitzenean Eibarren egotea espero du. "Anaiari eta bioi grabatu gintuzten, nahiz eta azkenean pelikulan ez garen agertzen".

AitorPATXI