Joan den udan, Gipuzkoa Garraioaren Lurralde Agintaritzak —Gipuzkoako Foru Aldundiaren mendeko entitatea— onartu zuen Mugi txartelarekin egindako bidaia bakoitzaren kostuaren %50 erakundeek diruz laguntzea (kasu bakoitzean eskumena duen erakundeak). Eibarko Udalak bere gain hartu du hobari hori Udalbusa zerbitzuaren kasuan, udal titulartasuneko zerbitzua baita.
Orain, azaroaren 29an Garraio Agintaritzak hobari horiek 2023an ere ematen jarraitzeko egindako proposamenaren aurrean, “Udalak ez du zalantzarik izan proposamenarekin bat egiteko. Gure esku dagoen guztia egingo dugu beharrezkoak diren neurri sozialak hartzeko, Eibarko herritarrei eta, bereziki, zailtasun ekonomiko handiak dituztenei, garraio publikoaren erabilera errazteko”, adierazi du Jon Iraola alkateak.