31 koronabirus kasu berri EAEn. Eibarren hogeitabosgarren eguna da positibo berririk gabe

31 koronabirus kasu berri EAEn. Eibarren hogeitabosgarren eguna da positibo berririk gabe
2020/07/08 eta kitto!
Gaur Osasun Sailak argitaratu duen txostenaren arabera, atzo PCR bidez atzemandako koronabirus kasuak 31 izan ziren EAEn. Lurraldeka, 8 Araban, 4 Bizkaian, eta 19 Gipuzkoan. Gipuzkoari dagokionez hauek dira positibo berrien datuak: 11 Ordizian, 2 Tolosan eta Itsasondon, eta  kasu bat Zumarragan, Zegaman,  Ibarran eta Andoainen.

COVID19-ak Eibarren izan duen eboluzioari begiratzen badiogu, 216 dira metatutako edo pilatutako positiboak, eta azken 25 egunetan ez da kasu berririk atzeman (azkena ekainaren 12koa da).

Atzo 5.027 proba egin ziren guztira (4.533 PCR eta 494 test azkar), eta  2 hildako gehiago egon ziren atzoko egunean. Heriotzen datuak azken 60 egunetan PCR positiboa izan duten pertsonei dagozkie.

 

Ordizian derrigorrezkoa izango da maskara erabiltzea edozein espazio publikotan


Osasun Sailak maskara nahitaez erabili beharra ezarri du Ordizian. Horixe da Nekane Murga Osasun sailburuak sinatu eta gaur bertan indarrean sartuko den aginduak jasotzen dituen neurritako bat.

Maskara Ordizian erabili beharko da edozein espazio publikotan, bai kanpoan, bai erabilera publikoko espazio itxietan ere.

Gainera, ostalaritzako establezimenduek ezingo dute edukieraren ehuneko berrogeita hamarra gainditu lokalaren barruan kontsumitzeko, ezin izango barran kontsumitu eta bezeroek eserita egon beharko dute. Terrazetan, pertsonen (etxebizitza berean bizi ez badira) eta mahaien arteko distantziak 1,5 metrokoa beharko du. Ostalaritza, jatetxeak, txokoak eta elkarte gastronomikoak 23,30ak baino lehen itxi beharko dute. Gainera, gazte-lonjetan eta antzeko ezaugarriak dituzten lokaletan jarduera debekatzen da.

Era berean, edozein jai, festa edo bestelako herri ospakizun bertan behera uzten da.

Osasun Sailak eta Osakidetzak, 1.732 PCR proba egin dituzte astelehenaz geroztik, bertan egiten ari diren zaintza-lanen barruan. Orain arte, proba haietako 1.692en emaitzak ezagutzen dira, 28 positibo detektatuz.