4 atxilotu Eibarko kafetegi batean lapurreta egin eta AP-8 eta AP-1 autobideetan atzetik jarraitu ondoren

4 atxilotu Eibarko kafetegi batean lapurreta egin eta  AP-8 eta AP-1 autobideetan atzetik jarraitu ondoren
2022/06/28 eta kitto!
Ertzainek lau gizonezko atxilotu zituzten atzo, astelehena, goizaldean, Eibarko kafetegi batean lapurreta egin eta herrigunetik eta AP-8 eta AP-1 autobideetatik abiadura handian ihes egin ondoren. Ertzaintzatik adierazitakoaren arabera, "ustezko lapurrek ez zieten jaramonik egin patruilei, eta arrisku larrian jarri zuten agenteen eta errepideko gainerako erabiltzaileen segurtasuna. Ihesean objektuak bota zituzten polizia-autoen kontra, eta horiekin talka ere egin zuten geldiarazi aurretik". Bi ertzain zauritu ziren.

Astelehenean, goizaldeko ordu bat eta erdiak aldera, Ertzaintzari jakitera eman zioten lapurretan ari zirela Eibarko kafetegi batean, eta lapurrak, lau gizonezko, une horretan kutxa erregistratzaile bat sartzen ari zirela autoan. Patruila agertu zenean autoaren gidariak bat-batean bizkortu zuen martxa, emandako jarraibideei jaramonik egin gabe, eta une horretan patruila atzetik segika hasi zizaion Eibarko herrigunean abiadura handian zihoan autoari.

Ertzaintzak azaldu duenez, "gero AP-8ko sarrerarantz abiatu zen, eta autobidean objektuak botatzen hasi ziren patruila-autoaren kontra, horien artean kutxa erregistratzaile bat, haurrak lotzeko aulki bat…, autoari eman eta istripua izan zezan. Ihesean debekatutako noranzko aldaketa bat egin zuen eta orduko 200 kilometro inguruko abiadurara iritsi zen;  arrisku larriko egoerak sortu zituen errepideko gainerako erabiltzaileentzat. Patruila gehiago hasi ziren autoari segika. Azkenean, AP-1 autobidean sartu zen eta tunel batean geldiarazi zuten bi polizia-autok, nahiz eta horiek bidetik ateratzen ere saiatu zen eta haien kontra talka ere egin zuen. Horren ondorioz bi ertzain zauritu ziren eta Mendaroko ospitalera eraman zituzten".

Autoan lau bidaiari, 35 urteko bi, 57 urteko bat eta 21 urteko beste bat zihoazen, eta berehala atxilotu zituzten hilketa-ahalegina, indarrez lapurreta egitea, atentatuaren delitua eta bide-segurtasunaren aurkako delitua leporatuta. "Jarraian  polizia-egoitzara eraman zituzte nbeharrezko izapideak egitera, gero Agintari Judizialaren eskuetan jartzeko", azaldu dute.