425 ETE eta autonomok Eusko Jaurlaritzaren aholkularitza eskatu dute telelana ezartzeko

425 ETE eta autonomok Eusko Jaurlaritzaren aholkularitza eskatu dute telelana ezartzeko
2020/04/06 eta kitto!
Orain dela bi aste jarri zuen martxan SPRI Taldeak Inplantalariak zerbitzua,  premiazko neurri gisa, eta  "arrakasta handia lortzen ari dela" azaldu dute. Izan ere, azken bi asteetan, 425 euskal autonomo eta ETEk  (enpresa txiki eta ertainak) SPRI Taldearen (Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren) aholkularitza eskatu dute telelana ezartzeko itxialdi egoera honetan.

Telelana ezartzea eta aholkularitza ematea helburu duen zerbitzu honen bidez teknologiaren erabilpenean lagundu nahi zaie autonomo eta ETEei, "aukera izan dezaten etxetik bertatik jarraitzeko euren jarduerarekin edo gutxienez jardueraren zati batekin".

SPRI Taldearen zerbitzu hau doakoa da eta telematikoki eskaintzen da, autonomo eta enpresentzako aholkularitzan esperientzia zabala duten aholkulari teknologikoz osatutako talde baten eskutik: "Eskarmentu horri esker, aholkulariek ongi dakite zer egin behar duten tresna teknologikoak eraginkortasunez ezarri eta erabiltzeko enpresa txikietan, eta horrela, telelana berme guztiekin eta segurtasun osoz ezarri ahal izateko".

 

Aholkularitza eskaera
Inplantalariak zerbitzua eskatzeko, autonomoak edo ETEak harremanetan jarri behar du SPRIko Bezeroaren Arretarako zerbitzuarekin: Telefonoa: 902.702.142 / Posta elektronikoa: info@spri.eus. Telefono horretatik Inplantalariak zerbitzura bideratuko dute, non aholkularitza jasoko baitu jakiteko bere enpresako zein arlo aldatu dezakeen jarduera telelan-formatuan jarraitu ahal izateko.

Zerbitzu-katalogoa etengabe eguneratzen da
Zerbitzu hau etengabe ari den eboluzionatzen autonomo eta ETE eskatzaileen premien arabera,. Hori dela eta, euskal enpresa-sarean telelana ezartzen laguntzeko tresnak, teknologiak edo jarraibideak dituzten zerbitzu teknologikoetako enpresak ere SPRIrekin harremanetan jar daitezke euren zerbitzuak eskaintzeko. SPRIk proposamen guztiak ebaluatuko ditu, irizpidetzat hartuz tresnen potentziala, enpresa-sarearentzat izan dezaketen balioa eta ezartzeko bideragarritasuna. Aukeratutako konponbideak Telelanerako Teknologien Liburu Zurian jasoko dira, eta dokumentu hori autonomo eta ETE guztien eskura jarriko da.