500 milioi euro EAEko autonomoak eta enpresa txiki eta ertainak finantzatzen laguntzeko

500 milioi euro EAEko autonomoak eta enpresa txiki eta ertainak finantzatzen laguntzeko
ETA KITTO 2020, Api 01

500 milioi euroko programa onartu du Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak, enpresa txiki eta ertainek eta autonomoek finantzatzeko izan ditzaketen beharrei aurre egiteko. Horretarako, hitzarmenak sinatu ditu hamabost finantza-erakunderekin eta Elkargirekin.  Sei hilabeteko likideziari eta finantzaketa beharrei erantzutea du helburu programak, “covid-19ak euskal enpresa sarean eragingo dituen kalteak arintzeko” asmoz.

EAEko enpresa txiki eta ertainek 5.000 eta milioi bat euro arteko maileguak eskatu ahalko dituzte eta mikro-enpresek eta autonomoek berriz, 5.000 eta 100.000 arteko maileguak. Laguntza honetaz baliatzeko bete behar diren ezaugarriez, abalen kostu eta baldintzez eta programaren xehetasunez informazio gehiago aurkitu dezakezu lotura honetan.

Bestalde, enpresa txikiek, ertainek eta autonomoek ordaindu beharreko kuotak zein horiek Gizarte Segurantzari zor dizkieten kotizazioen ordainketak ekainaren 30era atzeratu ditu Espainiako Gobernuak. Ministroen Kontseiluan onartu zituzten neurri berriak atzo, asteartea. Horiez gain, beste hainbat neurri ere onartu zituzten bertan; besteak beste, sariak onartu dituzte lana osorik edo zati bat galdu duten etxeko langileentzat eta alokairua edo hipoteka ordaintzeko arazoak dituzten herritarrek laguntza jaso ahal izango dute.  Lehen etxebizitzen kasuez gain, bankuek ezingo diete kobratu lokal eta bulegoen gaineko hipotekarik jarduera etenda edo sarrerak murriztuta dauzkaten autonomoei, alarma egoera amaitutzat ematen den hilabeteko azken egunera arte. Ordaindu gabeko alokairuak dituzten etxejabeek ere, pertsona fisikoak badira, eska dezakete atzerapen hori hipotekentzat.

 

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »