7 positibo berri azken orduetan Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban

0    Gizartea 
ETA KITTO ETA KITTO
7 positibo berri azken orduetan Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban
ETA KITTO 2020, Eka 22

Gaur Osasun Sailak argitaratu duen txostenaren arabera, PCR bidez atzemandako koronabirus kasuak 7 izan dira EAEn, atzo baino 3 gutxiago. Gipuzkoan kasu bakarra  atzeman dute,  Orion. Aurreko egunetan  kasuak pilatu dira Orion. Horren harira, lasaitasun mezua helarazi die Osasun Sailak Orioko herritarrei. Dagoeneko 50 PCR inguru egin dituzte kontaktuen azterketaren barruan, eta azken emaitzak negatiboak izan dira. Osasun Sailak gezurtatu egin du kutsatzeak merkataritza-jarduera bati lotuta daudela.

Araban 3 izan dira erregistratutako positibo berriak, 2 Gasteizen eta bat Zambranan; Bizkaian ere 3 positibo berri egon dira (2 Bermeon eta bakarra Portugaleten).

COVID19-ak Eibaren izan duen eboluzioari begiratzen badiogu, 216 dira metatutako edo pilatutako positiboak, eta azken bederatzi egunetan ez da kasu berririk atzeman (azkena ekainaren 12koa da).

Gaur gaurkoz, RO indizea 0,99 da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Prebentzio neurriak betetzeko eta arduraz jokatzeko deia egin die herritarrei Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak.

Atzo hildako bat gehiago egon zen. Heriotzen datuak azken 60 egunetan PCR positiboa izan duten pertsonei dagozkie. Beraz, ez dute zertan izan zuzenean COVID bidez hil diren pertsonak. Horrez gain, COVID diren edo izan diren 10 pertsona daude ZIUn, aldaketarik gabe. Atzo 1.492 proba egin ziren guztira (1.471 PCR eta 21 test azkar).

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »