Adimen emozionalari buruzko tailerra eskainiko dute bihar Agifesen

Adimen emozionalari buruzko tailerra eskainiko dute bihar Agifesen
2022/05/16 08:17
eta kitto!
Itsasne Gallastegik adimen emozionalari buruzko tailer teoriko-praktikoa eskainiko du bihar, 18:00etan, Agifes Buru Osasun Arazoa dute Pertsonen eta Senideen Gipuzkoako Elkarteak Eibarren duen lokalean (Urkizu pasealekua, 9).

Gallastegi Agifeseko psikologoa da eta bizi-esperientzia ugariri aurre egiteko emozioak ezagutzeko eta erregulatzeko beharra azpimarratuko du saioan. “Adimen emozionaleko tailerraren helburu nagusia gure emozioez gehiago jabetzea eta horiek eguneroko erabakietan eta inguratzen gaituzten egoeren interpretazioan nola eragiten diguten identifikatzea izango da”, psikologoaren berbetan.

Horretarako, autoezagutza emozionaleko eta autokontroleko dinamika errazak proposatuko ditu Gallastegik, parte-hartzaileei beren gaitasun introspektiboa hobetzen laguntzeko. Horrela, baliabide gehiago izango dituzte eguneroko bizitzan gatazkak sortzen dizkieten egoerei modu osasuntsuago eta eraginkorragoan erantzuteko.