Agifes, estigmarik gabeko Eibar sortzen

Agifes, estigmarik gabeko Eibar sortzen
2021/10/08 eta kitto!
Buru Osasunaren Nazioarteko Eguna da gaur eta Eibarko Agifesek kafe-tertulia antolatu du, herritarrekin gaiari buruz berba egiteko. Zer ulertzen dugu buru-osasunaz ari garenean? Nola zaintzen dugu buru-osasuna? Nolako garrantzia ematen diogu? Nolako estigmak ditugu? Gizarteak galdera asko ditu buru-osasunaren inguruan, orain arte gaia landu den isiltasunetik irten diren galderak. Agifesek argia eman nahi du horren inguruan.

 

Pandemiak gure egunerokoan erdi ezkutuan bizi ditugun hainbat gauza jarri ditu agerian. Besteak beste, buru-osasuna. “Pandemian zehar buru-osasunari garrantzia eman zaio, eta buru-osasuna eta gaixotasuna beti lotuta joan behar ez direla ikusi da”, Eibarko Agifes elkarteko langileek esan digutenez. Euren berbetan, “buru-osasuna buruko arazoak ez izatea baino gehiago da”.

Orduan, zer da buru-osasuna? “Buru-osasunak gure ongizate emozional, psikologiko eta soziala hartzen ditu barne. Bizitzaren aurrean nola pentsatzen, sentitzen eta ekiten dugun eragiten digu; eta, gainera, estresa nola kudeatzen dugun, besteekin nola harremantzen garen eta erabakiak nola hartzen ditugun zehazten du”, Agifesekoek diotenez.

Udan ahoz-aho ibili zen buru-osasunaren gaia. Simon Biles gimnasta ospetsuak uko egin zion Tokioko Joko Olinpikoetako zenbait probatan parte hartzeari, bere buru-osasunean zentratu behar zela argudiatuta, eta buru-osasunaren gaiak oihartzun handia izan zuen nazioartean. Horren harira, beste zenbait kirolarik ere buru-osasunaren gaiaren inguruan izandako gorabeherak argitara eman zituzten eta baita kirolariak ez diren pertsonaia famatuek ere.

Azkenaldian, buru-osasunak presentzia gehiago izan du gizartean eman diren eztabaidetan (‘Estirando el chicle’ podcast-ean gaia zeharka tratatzen dute, naturaltasunez; ‘Gen playz’ programan ere gazteek horren inguruan eztabaidatu izan dute...), baina Agifesekoen ustez orokorrean gizartean oso gauza gutxi egiten da buru-osasunaren promozioaren eta prebentzioaren inguruan. “Adibidez, osasun fisikoari dagokionez kanpainak egiten dira (gorputza nola landu, zer jan, ariketa fisikoa egin...), baina buru-osasunaren inguruan ez da gauza bera
gertatzen”, diotenez.

 

Hutsunea betetzen

Buru-osasuna albo batera laga izan du gizarteak, baina ez hori bakarrik, erakundeek ere ez diote behar bezalako arretarik jartzen, Agifesekoen ustez. “Buru-osasunaren inguruan egiten den inbertsio publikoa murritza da”, diotenez, eta osasun-sistema publikoan hutsune asko ikusten dituzte buru-osasunari dagokionez. Agifes hutsune horiek betetzen saiatzen da.

Osasun-sistema publikoan buru-osasunaren inguruan hutsuneak zeudela sentitu zuten zenbait familiek sortu zuten Agifes 1985. urtean. Buru nahasmendua duten pertsonak gizarteratzen eta komunitatean barneratzen laguntzeko, kalitatezko zerbitzuak aldarrikatzeko (gizarte, lan eta osasun arloetan) eta buruko osasun arazo larriak dituzten pertsonen eta senideen bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko asmoz sortu zuten elkartea, eta gizartearen erantzun ona ikusita, lurralde osora hedatu zen. “Gipuzkoako gizartearen Buru Osasuna hobetzeko aktiboki lan egiten dugu, eta buru nahasmendua duten pertsonen eta senideen bizi-kalitatea hobetzea da gure xede nagusia”, dio elkarteak bere webgunean.

 

Urkizutik lanean

Elkarteak Donostian du egoitza nagusia, baina Urkizu pasealekuko 9. zenbakian zentroa du Debabarrenean eta inguruko herrietan arreta eskaintzeko. “Agifesetik buru-osasunaren inguruan zaintza behar duten norbanakoei eta familiei erantzuna ematen saiatzen gara”, esan digutenaren arabera. Horretarako, zenbait zerbitzu eskaintzen dituzte, Eibarren bertan edo Donostiako egoitzan.

Batetik, Agifesek harrera, informazio eta orientazio zerbitzua eskaintzen du, norbanakoentzat edo euren senideentzat. Zerbitzu horren helburua interesa dutenei baliabide sanitario, sozial eta ekonomikoen berri eman eta horietara gerturatzea da.
Buru-gaixotasuna duten pertsonak zaintzea bezain garrantzitsua da familiei arreta egokia ematea eta, horretarako, senide eta zaintzaileentzako laguntza ere eskaintzen dute, bakarka edo taldeka. Bi programa edo aukera eskaintzen dituzte zentzu horretan. Batetik, Elkarrekiko Laguntza izenekoa. Horren bitartez, buru-osasun arazoak izan dituen pertsona batek laguntza eskaintzen die ondoez psikikoko arazoak dituzten pertsonei, berdinetik berdinera. Eta, bestetik, Hurbildu programa dute, bakartuta dauden pertsonak identifikatzeko eta eurengana heltzeko, laguntza, babesa edo konpainia eskaini asmoz.

Bizitza asoziatiboari dagokionez, boluntariotza eta sentsibilizazio-programak egiten ditu Agifesek. Hor aurkitu dezakegu, adibidez, Zeuk Aukeratu programa, 10 eta 18 urte arteko ume eta nerabeei zuzendurikoa, buru-osasuneko arazoak prebenitzeko eta horien inguruan sentsibilizatzeko asmoz. Izan ere, nahiz eta hasiera batean Agifes 18 urtetik gorakoekin bakarrik aritzen zen, azken aldian nerabeen artean hazi egin da horrelako zerbitzuen demanda eta eskaera horri erantzuna ematen saiatzen da elkartea.

 

Estigmak kentzen

Agifesek urteak daramatza Eibarren, Isasi kalean lehen eta Urkizun orain, baina bertako langileek sentitzen dute eibartarrok ez dakigula ondo zer den bertan egiten dutena. “Burutik ondo ez dauden pertsonen zentroa (beti kutsu negatiboarekin), eguneko zentroa... Jendeak modu askotan ikusten gaitu, baina Agifes ez da hori”, argitzen digute. “Agifes benetan zer den ezagutarazi nahi dugu, bestela, aurreiritzi okerrak eginez gero, jendeak guregana etortzeko beharra duenean ez da etorriko”, gehitzen dute.

Gizartea eta mundua aldatzen doan bezala, buru-osasuna lantzeko eta arazoei aurre egiteko moduak ere aldatzen joan dira. Horregatik, nahiz eta lehen eguneko zentro moduan aritu, gaur egun Agifes hori baino askoz ere gehiago da. “Ikuspegi psikiatrikoa aldatu egin da eta komunitatearen esku-hartze plana berritzen doa. Beraz, metodologia eta programa berriak lantzen dihardugu beharrei erantzuna emateko”, azaldu digute. Hortaz, esan daiteke Eibarko Agifes komunitate-integrazio zentroa dela gaur egun. “Ideia da buru-osasunaren sarea komunitatetik lantzea Agifes bezalako zentroetatik, instituzionalizazioa saihestuz”, gehitzen dute.

Buru-osasuna beti gaixotasunarekin lotzea ekidin nahi dute. Hau da, buru-osasuna ez dela arazoekin bakarrik lotu behar, buru-osasuna berez zaindu behar dela, arazoak eduki ala ez. Eta bestetik, buru-osasun arazoak izanez gero, urteetan jasan dituen estigmak albo batera laga behar direla. Horren erakusle da elkarteak berak bere izenaren esanahia aldatu duela. “Lehen, Agifes, Arazo Psikikoak dituzten Pertsonen eta Senideen Gipuzkoako Elkartea zen, baina orain Buru Osasun Arazoa duten Pertsonen eta Senideen Gipuzkoako Elkartea da”, argitzen dute.

“Burutik gaixo dagoen jendea”, “arraroak”... buru-osasun arazoak dituzten pertsonek estigma ugari jasan behar izan dituzte, are gehiago Eibar bezalako hiri txiki batean. “Donostia moduko hiri handietan, agian, oharkabean pasa zaitezke, gizartea inpertsonalagoa da, baina hemen askok ezagutzen dugu elkar eta buru-osasun arazoak badituzu, agian zailagoa egingo zaizu laguntza eskatzea”, azaldu digute. Horregatik, Eibarko Agifesek bere lana gizarteratu, buru-osasuna zer den ondo argitu eta jakitera eman nahi du; eta buru-osasunak gizarte guztiari eragiten dion neurrian, arazoak ere gizartearekin elkarlanean konpondu. “Buru-osasun arazoak dituen pertsona komunitatean bertan sendatu behar da”, diote Agifesekoek.

 

Komunitatearekin elkarlanean

Agifesek garrantzi handia ematen dio buru-osasun arazoak dituzten pertsonen gizarteratzeari eta horren adibide dira gizarte harremanak sustatzeko eskaintzen dituzten espazio eta aisialdi programak (adibidez, oporretan, asteburuetan...). Ildo horretatik jarraituz, ortu terapeutikoa ere badute; buru-osasun arazoak dituzten pertsonei euren bizitza egiten laguntzeko, Debabarrenean bi pisu dituzte buru-osasun arazoak dituzten pertsonek elkarrekin bizitzeko; eta, eskaintza zabalaren artean, Eguneko Programak ere badituzte. Eibarko Errehabilitazio Psikosozialerako Zentroan, adibidez, euren autonomia eta bizitza normalizatua eramateko gaitasuna bultzatzen dute, eta modu indibidualizatuan egiten dute lan pertsona bakoitzaren beharren arabera.

Prebentzio, Hezkuntza eta Birgaitze Laguntza programak, bestetik, buru-osasun arazoak dituzten pertsonak ingurune komunitarioan eta bizi-kalitate duinarekin bizi daitezen sustatzen du. “Zaintza eta prebentzioa berebizikoa da. Arazoak egon aurretik buru-osasuna zaintzen badugu, sufrimendua ekidin eta dirua aurreztu dezakegu gerora”, diote Agifesekoek.

Aipatutako estigma guztien ondorioz buru-osasuna zeharka tratatu izan du gizarteak orain arte eta, aipatu bezala, Agifesek lan eskerga egiten dihardu gaia ezagutzera ematen eta behar bezala tratatzen. Dena dela, lan asko dago egiteko oraindik eta gizarteak zalantza asko ditu buru-osasunaren inguruan. Beraz, buru-osasun arazoak daudenean normala da ezjakintasuna, baita arlo juridikoan ere, eta, hortan laguntzeko, Agifesek aholkularitza-zerbitzua eskaintzen du eskubidearen edozein arloren inguruko zalantzak argitzeko.

Eibarko Agifesek Urkizu pasealekuko 9. zenbakian duen lokaleko ateak zabal-zabalik daude eta atsegin handiz argituko dute buru-osasunaren inguruko edozein zalantza, laguntza eskaintzeaz gain, noski. Estigmarik gabeko Eibar sortzea da Agifesen helburua eta gizartearekin batera egingo du lan horretarako.