AL-ANON, alkoholarekin elkarbizitzen ikasten

AL-ANON, alkoholarekin elkarbizitzen ikasten
2018/09/28 eta kitto!
AL-ANON elkarteak alkolholikoen senide eta lagunekin egiten du lan. Alkoholismoak familia osoari eragiten dio. Alkoholarekin arazoak dituen pertsonaren inguruan sufrimendu handia sortzen da, eta eurei laguntza eta babesa eskaini nahi die AL-ANONek, arazoari aurre egiteko erramintak aurki ditzaten. AL-ANON 1951an jaio zen AEBn, eta Espainian 1963 geroztik daude. 55 urteurren honetan euren esperientzia eta ibilbidea ezagutu nahi izan dugu. Eibarko taldearen izena ARRATE da, San Andres elizako lokaletan elkartzen dira eta taldeko kide birekin egon gara.

Alkoholismoa gaixotasun familiarra da. AL-ANON eta ALATEEN (gazteen taldeak) taldeetako kideak gaixoen aitak, amak, seme-alabak, emazteak, senarrak, anai-arrebak, lagunak, lankideak dira. Edozein pertsona, baldin eta norbaiten edateko erak beregan eragina badu. Berdin da ondoan duen gaixo alkoholikoak edateari uztea lortu duen ala ez, edo alkoholarekin arazo duela onartzen duen. Eibarren 1978tik astero elkartzen den taldea dago. Bertako bi kiderekin hitz egiteko aukera izan dugu eta, anonimotasuna mantentzeko asmoz, izenak aldatu egin dizkiegu.

“Zaila da gaixo alkoholiko batekin bizitzea”
Txominek ondo daki alkoholarekin arazoak dituen pertsona batekin bizitzea zer den: “Alkoholikoak etxean arazoak sortzen ditu. Gaixoaren izakeran aldaketa handiak ematen dira eta horrek elkarbizitzan arazo larriak sortzen ditu. Oso zaila da gaixo alkoholiko batekin bizitzea. Gainera, lotsa sortarazten duen arazo bat da. Familiakoek arazoa ezkutatu nahi izaten dugu. Zaila da onartzea arazo hori daukagula”.  Elkartearen arau bakarra anonimotasuna da, “bileretan irtetzen diren gauzak eta esaten den guztia bertan gelditzen da, ezin da kanpora irten”. Modu horretan kideak libre sentitzen dira nahi dutena adierazteko.
Alkoholiko bakoitzaren inguruan oso afektatuta dagoen familia-nukleo bat dago. Dena dela, laguntza eskatzen ez duten senide asko daude, “oso zaila baita onartzea zu ere txarto zaudela. Gaixotasuna alkoholikoak daukala uste duzu, eta bera ondo jartzen bada zu ere ondo jarriko zarela pentsatzen duzu, baina hau ez da horrela”. Gaixotasun familiarra da, eta gaixo bakoitzaren inguruan sufritzen duten 4 pertsona daudela kalkulatzen da.

“Norbera gaizki dagoenean,  ezin dio besteari lagundu”
AL-ANONera iritsi baino lehen euren kabuz saiatzen dira arazoari aurre egiten, baina desesperazio maila oso handia denean, orduan jotzen dute elkarteko atea laguntza eskatzeko. Horrela azaldu digu Maitek: “Hasieran, taldera oso despesperatuta iristen gara. Gure arazoa berehala konpontzea nahi dugu. Oso txarto gaude, baina, lehenik eta behin, nahitaezkoa da lasaitasuna lortzea. Elkartean denbora bat daramagunak lasaiago gaude, nahiz eta arazoak jarraitu. Eta lasaitasun hori oso garrantzitsua da: guk arazoa hobeto eramaten badugu, errazagoa izango da gaixoari laguntzea”.
Hain beharrezkoa den lasaitasun hori lortu ondoren, jarraibide batzuk ikasten dituzte: nola eta noiz  hitz egin behar zaion gaixoari eta, batez ere, hitzeman edo agindu duzuna betetzea. Helburu egingarriak planteatu behar direla azaldu digute: “Autotestima lantzeko, gaixorik dagoen pertsonari konfidantza eman behar diogu, lehen helburu txiki hori bete dezan. Astiro joan behar dugu, helburu txikiak ezarriz”.
AL-ANONeko kideek, pixkanaka, alkoholismoa gaixotasun bat dela deskubritzen dute, sendatzen ez den gaixotasun fisiko eta emozionala, “eta hori da arazoa, ez dugulako nahi hainbeste maite duguna pertsona horrek sufritzea”. Hasieran alkoholikoen senideen bizitza kontrorik gabe egoten da, gobernaezina da eta, poliki bada ere, beharrezkoak diren erreminta eta baliabideak eskuratzen joaten dira.

AL-ANONen Eibarko Arrate taldea 1978an sortu zen eta astean bi aldiz elkartzen dira San Andres parrokiako lokaletan, astelehen eta ostegunetan, 19:30ean. Nahi duenak egun horietan joateko aukera dauka edo 650265963 telefonora deitu. Taldeko kide gehienak eibartarrak dira, baina inguruko herrietatik ere etortzen dira. 12 kide inguru biltzen dira, eta, lan kontuak direla eta, asteburuetan Ondarrura joaten direnak ere badaude. AL-ANONen Eibarko Arrate taldea 1978an sortu zen eta astean bi aldiz elkartzen dira San Andres parrokiako lokaletan, astelehen eta ostegunetan, 19:30ean. Nahi duenak egun horietan joateko aukera dauka edo 650265963 telefonora deitu. Taldeko kide gehienak eibartarrak dira, baina inguruko herrietatik ere etortzen dira. 12 kide inguru biltzen dira, eta, lan kontuak direla eta, asteburuetan Ondarrura joaten direnak ere badaude.

Jarrera kontua
Elkarteko kide bakoitzak bere esperientzia kontatzen du edo nahi duenari buruz hitz egiten du, “inork ez dizu esaten zer egin behar duzun. Errekuperatzen zaren neurrian beste argitasun bat daukazu arazoa ikusteko. Eta senide alkoholikoa berdin egon arren, zuk beste modu batean ikusten duzu. Norberaren jarrera aldatzen bada (eta hori da gure helburua) pausuak eman ahal izango dituzu ahal den neurrian gaixoari laguntzeko. Lehenengo gauza aldamenean daukagun pertsona hori gaixo bat dela onartzea da. Amesgaizto bat bizitzen ari zara: pertsona horrek gezurrak esaten dizkizu etengabe, alkohola utzi egingo duela esaten dizu edo ezkutuan edaten du… Gaixo bat dela onartzen baduzu, eta beste edozein gaixori begiratzen zaion maitasun berarekin begiratzen badiozu egoera asko aldatzen da”, dio Maitek
AL-ANONek alkoholikoaren familiakoei alkoholismoa gaixotasun bat dela ulertzen laguntzen die. Horrez gain, norberaren jarrerak aldatzen badira, bizikidetza hobetzen dela ulertarazten diete. Esperientziak, indarra eta itxaropena partekatzen dituzte irtenbideak aurkitzeko. Horretarako, sendatze programa bat daramate aurrera, Alkoholiko Anonimoek dutenaren egokitzapena, hain zuzen ere.  Txominek azaldu duenez, “taldean gauza asko ikasten dira: guk ez dugula arazoa sortu; ezin dugula gaixotasuna sendatu; eta ezin dugula kontrolatu.  Nik neuk arazoa frakaso personal bat bezala bizi nuen. Beti ari nintzen nire buruari galdetzen: eta nola egongo ote da? nola aurkituko dut? Lanean nengoen eta ezin nuen burutik kendu, errudun sentitzen nintzen”. Arazoa onartzea eta errudun ez sentitzea ezinbestekoa da senideentzat.
AL-ANONek harremanetan jartzen ditu arazoa bizi dutenen edo bizi izan duten pertsonak. Taldean sortzen diren elkarrizketa eta harremanen bitartez, arazoa ahalik eta indar eta itxaropen handiagoarekin eramateko erramintak eskaintzen zaizkie. “Senideak gaixotu egiten gara kontrolatu ezin dezakeguna kontrolatu nahian. Laguntza emozionala behar izaten dugu. Bizikidetzaren ondorioz antsietatea eta depresioa bezalako gaixotasun sortzen dira”. Bizitza hobetzeko eta zoriontsu izateko estrategiak ikastea da talde hauetan parte hartzearen helburua.
AL-ANON senide eta lagunen elkartea “Alkoholiko Anonimoak” elkartea (A.A) bere lehenengo pausuak ematen hasi zenean sortu zen. Sendatze bidean zeuden gaixoen familiakoak konturatu ziren euren arazoak konpontzeko A.A. elkartearen oinarri bereak erabiltzen hasi behar zirela. Gaur egun 25.000 AL-ANON talde daude, 130 estatutan banatuta. Horietako 300 Espainian daude.