Andirao elkarteak errespetua eta aitorpena eskatu du

Andirao elkarteak errespetua eta aitorpena eskatu du
2020/10/23 11:24
eta kitto!
Andirao Eibarko Baserritarren Elkarteak gutun bat igorri du “zuhaitz-espezie jakin baten debeku eskaeraren harira baso-jabeen aurka hasitako ospe-galtze eta kalte egite kanpainaren aurrean”, euren berbetan. Zuhaitz-espeziea debekatzeko eskaera basogintzaren ezjakintasunetik ematen dela dio eta, “bilera batean aurrez landutako galderak erantzun ez direnez eta talde horrek proposamenik egin ez duenez”, lau gauza eskatzen ditu.

Lehenik, “baso-espezie guztiei errespetua eta aitorpena; arraza, erlijio eta azal-kolore ezberdineko pertsonekin egiten den bezala”. Bigarren puntuan zera aipatzen dute: “baso-guneen jabetza pribatuari eta publikoari errespetua eta aitorpena, bere eskubide eta betebeharrekin, beste edozein jabetzarekin gertatzen den bezala. Gogoratu behar da Eibarko baso-guneen %90 pribatua dela”. Hirugarren puntuan zera diote: “egindako basogintza lanei errespetua eta aitorpena, azken urteetan Eibarren landatu diren milaka zuhaitzak bezala”. Eta azkenik: “Eibarren dugun biodibertsitateari errespetua. Etxetik irten besterik ez da behar horretaz gozatzeko. Daukagunaz gozatu dezagun, desiratzen dugunaz kexatu beharrean”.

Andiraok edozein baso-, animali- eta nekazaritza-espezie debekatzearen aurka dagoela zehazten du, “baina gauzak hobeto kudeatzeko proposamenak aztertzeko prest gaude”, gutunean diotenez.

 

Argazkia: Cadena Ser