Emakumeentzako ikastaro eta tailerrak antolatu ditu Entreamigos-Lagun Artean elkarteak

Emakumeentzako ikastaro eta tailerrak antolatu ditu Entreamigos-Lagun Artean elkarteak
2020/03/02 12:23
eta kitto!
Entreamigos-Lagun Artean elkarteak hainbat tailer eta ikastaro antolatu ditu, Eibarko Jabetze Eskolakoek udaberrirako prestatu duten eskaintzaren barruan. Lehelengo tailerra, “Emakumeak etengabeko Mugimenduko Munduan: Emakumeak Migratzen” izenekoa, martxoaren 14an eta 28an izango da eta Silvia Carrizo Fernandezek emango du. Bertan landuko dituzten gaiak hauxek dira, besteak beste: migratutako gorputzaren gaineko kontrola, xenofobiak markatutako egiturazko indarkeria, amatasun migratuak eta emakumeen arteko aliantzak eta sareak.

Apirilaren (25ean), berriz, Cristina Chiquin Rodriguez Guatemalako argazki-kazetariak “Emakumeenganako Indarkeria Gerrarako Arma bezala” ikastaroa emango du eta, parte hartzen dutenek Guatemalako emakumeen errealitatea eta gatazka armatuan jokatu zuten papera lehen eskutik ezagutzeko aukera edukiko dute. Eta maiatzaren 7an hip-hop tailerra emango du Rebeca Lanek. Antolatzaileen berbetan, “emakume bakoitzak dakarren gorputz-esperientziatik abiatuta musika konposatuko dogu. Sistema patriarkalean emakumeok jasan bihar ditugun zapalkuntzak apurtzeko eta aske egingo gaituzten alternatibak eraikitzeko lan egin nahi dugu”.

Izena emateko zuzenean jo daiteke Andretxeara (Zezenbide, 3) edo, nahiago izanez gero, internet bidez egiteko aukera ere badago. Eta informazio gehiago nahi duenak Udalaren web orrian, Berdintasuna-Andretxeari eskainitako atalean begiratu dezake.