Armeria Eskolaren Mendeurrenari agur

Armeria Eskolaren Mendeurrenari agur
2013/01/23 00:00
eta kitto!

Gaur (eguaztena, hilak 23) 2012an zehar, urte osoan hamaika ekitaldirekin ospatu den Armeria Eskolaren sorreraren mendeurrenari agur esateko ekitaldia hartu du eskolako areto nagusiak (ikus argazkiak). Iñigo Urkullu lehendakariarekin, Martin Garitano ahaldun nagusiarekin eta Miguel de los Toyos alkatearekin batera 300 bat lagun batu dira ekitaldian. Gaurkoan eskolako irakasle guztiei errekonozimendua egin nahi izan diete Ignacio Aldalur irakasleari emandako oroigarriaren bidez eta diruz lagundu dieten 100 bat enpresei, bereziki iaz 50 urte bete zituen Soraluce S.Coop enpresari eskerrak emateko baliatu dute ekitaldia. Goruntz abesbatzak Agur Jaunak abestuta agurtu dute aretoko ekitaldia, baina eskolatik irten aurretik gaur bertan inauguratu duten Eskuadra Zaharra museoa bisitatzeko aukera izan dute gonbidatuek. Ekitaldia hasi aurretik, Alfako beharginek pareko parkean protesta baketsua egin dute eta Urkullu lehendakariari euren egoeraren berri ematen duen gutuna helaraztea lortu dute.