Arrate egunerako mendi martxa antolatu du Eibarko Sarek

Arrate egunerako mendi martxa antolatu du Eibarko Sarek
2020/09/01 eta kitto!
Izan Bidea ekimenaren baitan Eibarko SAREk mendi martxa antolatu du Arrate egunerako (irailak 8rako). Goizeko 10:00etan Urkizutik abiatuko dira eta Santa Kurutz, Usartza eta Akondiako San Pedro ermitatik pasatu eta gero, eguerdian ailegatuko dira Arratera, 13:00ean kontzentrazioa egiteko bertan.

Antolatzaileen berbetan, “esan beharrik ez dago guztiok maskararekin eta neurriak ondo gordeta ibili beharko dugula. Arrate egunean ez da festarik, ez txosnarik, ez erromeriarik izango, baina euskal presoen eskubideen aldeko aldarria bai, aurten ere han izango da. Izan ere, dagoeneko ez dago aitzakiarik, keinu txikietatik benetako ekintzera pasatzeko garaia da, euskal presoak etxera ekartzeko garaia da. Eta eibartar guztiak gonbidatu nahi ditugu gurekin batera mendi martxa honetan parte hartzera, mobileko aplikazioa baliatuz Ibiltarien Sarean kilometroak pilatzera, eta Etxerako Bidea, Elkarbizitzarako Bidea, Bakerako Bidea izatera”.