Arratsaldeko manifestazioa izango da Emakumeen Nazioarteko Egunaren ekintza nagusia

Arratsaldeko manifestazioa izango da Emakumeen Nazioarteko Egunaren ekintza nagusia
2022/03/08 eta kitto!
Martxoak 8 da gaur, Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna. Horren harira herrian zenbait ekintza egingo hilabete osoan zehar, eta gaurko plater nagusia 19:00etan Untzagatik hasiko den manifestazioa izango da, Nalua eta Matraka! talde feministek bultzatuta, Martxoaren 8ko egitaraua prestatzen ibili diren erakunde eta elkarteen babesarekin.

‘Iraultza feminista izango da edo ez da izango’ da aurten erabiliko duten goiburua. Manifestazioaren antolatzaileek adierazi dutenez, 18:00etan Untzagan bilduko dira materiala prestatzeko. Gainera, manifestazio amaieran ‘Aurre egingo dizun emakumea’ abestia kantatuko dutela jakinarazi dute.

martxoak 8 kartela

abestia martxoak 8

 

Hilabete osoko egitaraua

Martxoaren 8aren inguruko ekintzak joan den asteko eguenean hasi ziren, Portaleako erakusketa aretoan dagoen ‘Berdintasunerako bide luzea. Euskadiko emakumeak XX. mendean’ erakusketarekin. Hilaren 27ra arte egongo da zabalik eta bisita gidatuak egingo dira. Horretarako, Andretxean eman beharko da izena (andretxea@eibar.eus, 688 853 440, 943 543 938).

Erakusketan 1900. urtetik 1985. urtera emakumeek gainditu behar izan dituzten zailtasunak eta oztopoak islatzen dira. Horretarako, irudi, ahots, dokumentu eta objektuen bidez, emakumeek beren eskubideen eta benetako berdintasunaren alde egin duten eta egiten jarraitzen duten borroka gogora kontatzen da.

Hilaren 15ean, 19:00etan, ‘Erotik, berotik, zerotik’ izeneko helduentzako ipuin-kontaketa saioa egingo da Topalekuan, Ixabel Agirresaroberen eskutik eta Arrate Kultur Elkarteak finantzatuta.

Martxoaren 21etik 31era arte, bestetik, ‘Itsaspeko bihotzak’ izeneko areto literarioa egongo da Errebal Plazan. Eibarren zenbaitetan izan dugun egitasmoa da eta Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzentzen zaie. Bertan, genero berdintasunaren gaia lantzen da euskarazko haur literaturaren bitartez.

“Andrezaharraren” kontzeptuari helduz, hilaren 23an, 18:30ean, ‘Andrezaharraren manifestua’ aurkeztuko dute Portalean Mariluz Esteban autoreak eta Ainhoa Aldazabal filologoak eta literatura feministan adituak. Liburuan Estebanek bere burua emakume eta zahar bezala aldarrikatzen du poema batzuen eta manifestoaren bitartez. Liburua aurkezteaz gain, solasaldia ere egingo da.

Ekintzekin amaitzeko, hilaren 24an ‘Emakumea eta kirola: eta orain zer?’ izeneko mahai-ingurua egingo da Ipurua foball zelaiko prentsa aretoan. Ana Ramos kazetari eibartarrak gidatuko du saioa eta goi-mailako lau kirolarik hartuko dute parte: Irati Anda (eskalatzailea), Maialen Chorraut (Piraguista), Oihana Azkorbebeitia (mendi korrikalaria) eta Patri Espinar (pilotaria). Eibar KE elkarteko Arrate Fernandezek parte-hartzaileek erakutsi duten prestatutasuna goraipatu du eta eskerrak eman nahi izan dizkie mahai-inguruan parte hartzeagatik. “Hizlariek emakumeek kirol-jarduera profesionala uzten dutenean edo ama izatea erabakitzen dutenean dituzten zailtasunen inguruan hitz egingo dute, besteak beste”, gehitu du.

Ekintza hauez gain, Juan San Martin Liburutegiak, Berdintasun sailak eta Andretxeak Martxoaren 8arekin eta emakumeekin lotutako irakurketa-gida bat prestatu dute.