Asteazkenean bilera irekia egingo da Coliseoan, zabortegiarekin sortutako kezkaren aurrean azalpenak emateko

Asteazkenean bilera irekia egingo da Coliseoan, zabortegiarekin sortutako kezkaren aurrean azalpenak emateko
2020/02/17 eta kitto!
Eibarko Udaletik aditzera eman digutenez, asteazkenean Coliseo antzokian egingo den bilera irekirako deialdia jartzen ari dira Eibarko pegora guztietan. Orriak jasotzen duenez, "Zaldibako zabortegiaren inguruan azken egunetan argitaratutako berrien  eta herritarren artean sortutako kezkaren aurrean, datorren asteazkenean (otsailak 19) bilera bat egingo da Coliseo antzokian". Bertan, "egungo egoerari buruzko lehen eskuko datuak" eskuratu ahal izango dituzte eibartarrek.   Bilera 19:00etan hasiko da eta  asmoa "zalantzak argitu eta dagoen kezka arintzen laguntzea dela" esan dute. Herritar guztientzako egongo da zabalik.

Oharrean jartzen duenez, hauexek izango dira bileran parte hartuko dutenak:

  • Miguel de los Toros Eibarko alkatea.

  • Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko teknikari bat, airearekin lotutako gaiekin aditua.

  • URA Uraren Euskal Agentziako teknikari bat, uraren kalitateari buruzko informazioa emango duena.

  • Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren bi ordezkari.

  • Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko teknikari bat.


Saioa streaming bidez ere jarraitu ahalko da udal web orriaren bitartez.