AstraZenecatik gaur bertan 9.070 dosi jasotzea espero du Jaurlaritzak

0    Gizartea 
ETA KITTO ETA KITTO
AstraZenecatik gaur bertan 9.070 dosi jasotzea espero du Jaurlaritzak
ETA KITTO 2021, Ots 08

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagardui elkarrizketatu dute, gaur goizean, Radio Vitoria irratiko “Gaur Actualidad” saioan.  Osasun sailburuak esan du gaur AstraZenecako txertoaren 9.070 dosi jasotzea espero dutela.  Azaldu duenez, Osasun Batzordeak erabakiko du txerto hau zein talderi eman behar zaion lehendabizi. “Batzordearen irizpenaren arabera, guk agertoki ezberdinak ditugu prest”, zehaztu du. Sagardui sailburuak espero du otsailean amaituko dela osasun-langileen txertaketa, eta hilabete honetan bertan 80 urtetik gorako talde batzuekin hasi ahal izango dela.

Bestalde, eta birusaren aldaerei dagokienez, Sagarduik azaldu du Euskadin britainiar aldaera baino ez dagoela, ez dagoela baieztatutako beste aldaerarik, eta kasuen kopurua ez dela 200era iristen. “Kopurua handitzen joango da, beste lurraldeetan egin duen bezala”, gaineratu du. Baina, dirudienez, merkatuan dauden txertoek aldaera horri aurre egiteko balio dute. Gainera, azpimarratu du gaur egun lagin positibo guztien % 25 aztertzen direla, birusaren aldaera badago ere.

Joan den astean ikusten hasi zen joera-aldaketaren aurrean, esan du ikusi beharko dela joera hori berresten den eta ospitaleratze kopuruak ere behera egiten duen. “Hala ere, egoera zaila da“, gaineratu du. Sagarduiren hitzetan, ZIUen okupazioa altua da, baina Osakidetzak erreakzionatzeko gaitasuna du.

Ikastetxeei buruz galdetuta, sailburuak gogorarazi du Osasun Saileko eta Hezkuntza Saileko ordezkariek osatutako lantalde bat dagoela, eskola-eremuan hartu beharreko neurriak ezartzen dituena, eta neurri horiek berriro eguneratu direla joan den astean. Sagarduik azpimarratu duenez, gaur egun ikasgelen % 2 baino gutxiago daude itxita Euskadin. Judimendiren kasuan, protokoloa jarraitu direla eta baheketa bat egin zutela azpimarratu du, “ordenan eta ezarritako denboran”.

Osasun sailburuak prebentzio neurriak betetzen jarraitzearen garrantzia azpimarratu du: maskara erabiltzea, distantzia soziala, eskuen higienea eta aireztapena.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »