Atxiloketak “poliziaren erabakiz” egin eta “legez kanpokoak” direla dio Verter Recycling-ek

Atxiloketak “poliziaren erabakiz” egin eta “legez kanpokoak” direla dio Verter Recycling-ek
2020/07/22 eta kitto!
Atzo arratsaldean Verter Recycling-eko enpresa-buruak atxilotu zituztela eta, enpresako ordezkariek hainbat adierazpen egin dituzte eta, besteak beste, atxiloketak ez zituela epaileak agindu, "poliziaren erabakiz" egin zirela diote. Horrekin batera, atxiloketak "legez kanpokotzat" jotzen dituzte enpresako bozeramaileek. Beste batzuetan bezala, enpresak idatziz egin ditu adierazpenak eta bere webgunean argitaratu dute komunikatua. Jarraian, enpresaren adierazpenak bere horretan dauzkazue:

Enpresako bi kideren atxiloketari buruzko adierazpena


Ertzaintzak atzo Verter Recycling enpresaren bi ordezkari atxilotu zituela eta, enpresak honako hau adierazi nahi du:

1.- Atxiloketak poliziaren erabakiz egin dira. Ez dago jarduketa horri buruzko irizpen judizialik, eta Poliziak berak baieztatu die enpresaren ordezkari legalei erabakia berea dela, ez epaitegiarena. Komunikabideren batek kontrakoa argitaratu duen arren, epaileak ez du atxiloketa agindu.

2.- Uste dugu jarduketa hori zuzenbidearen aurkakoa dela, eta, beraz, legez kanpoko atxiloketa dela; izan ere, ez dakigu Legeak jarduketa hori hertsiki justifikatzen duen informaziorik dagoen, batez ere ikerketa judizialak eta polizialak bost hilabetez luzatu diren honetan, eta enpresa beti laguntzeko prest egon dela kontuan hartuta.

3.- Zehazki, zabortegia amildu zenetik, enpresaren ordezkariek eta kudeatzaileek erabateko lankidetza eskaini diete agintariei eta estamentu judizialei, zoritxarreko istripua eragin zuten kausak argitzeko. Hori dela eta, erabat neurriz kanpokoa iruditzen zaigu jarduketa; antza denez, atxilotuei deklarazioa hartzea du helburu, baina biak egon dira beti horretarako prest (orain arte, epaitegiak eta poliziak ez dituzte atxilotuak deitu deklaratzera).

4.- Prozedura judiziala aurretiazko eginbideen atariko fasean dago. Fase horretan, zabortegia amildu izanaren balizko arrazoiak aztertzen eta ikertzen ari dira, eta, beraz, egiaztatutako daturik eta egitaterik ez dagoen bitartean, uste dugu guztiz bidegabeak direla horrelako jarduerak.