Aurtengo zuhaitz egunean 700 arbola landatu dira

Aurtengo zuhaitz egunean 700 arbola landatu dira
2022/04/20 eta kitto!
Eibarko Udaletik adierazi dutenez, aurtengo zuhaitz egunean 700 arbola landatu ziren, hasieran aurreikusitakoak baino 200 gehiago. Antolatutako hiru jardunaldietan 240 pertsona baino gehiagok hartu zuten parte, horietatik ehun bat herritarrei zuzendutako egunean eta 142 ikasle ikastetxeei zuzendutako bi egunetan.

Herritar guztiei zuzendutako jardunaldian, martxoaren 20an, 350 arbola landatu ziren; martxoaren 24an,  ikasleek 155 arbola landatu zituzten, eta 195 apirilaren 7an.  Landatu ziren espezieak hauek izan ziren: haritzak, urkiak, arteak, gorostiak, elorriak, basaranak, hurritzak, gereziondoak, astigarrak, basa-sagarrondoak eta udareondoak.

Zuhaitz guztiak Lindari izeneko lursailean, Urko mendiaren magalean, landatu ziren, Udalak zaintza-akordio baten bidez duen  hektarea bateko partzelan. Toki horretan lehenago ere egin dituzte landaketak baso autoktonoa berreskuratzeko. Ikastetxeentzako jardunaldietan hamaiketako bat banatu zen, fruta ekologikoa, hain zuzen; eta jardunaldi irekiaren kasuan ogitartekoak banatu ziren, Sosolako ogi eta gaztarekin. "Parte hartu zuten ikastetxeetako irakasleei aldez aurretik bertako basoen garrantziari buruzko formazioa eman zitzaien, lursailari buruzko informazioa eta zuhaitzak landatzeko moduari buruzko argibide batzuk.  Horretarako, lau gorosti landatu ziren Azitaingo industrialdean, Debegesa ondoko parkean.  Hain zuzen, gorostiek ematen diote izena Gorosta bailarari, eta duela gutxi mugarri bat jarri zen bertan, horixe adieraziz", azaldu dute.

Parte hartu zuten ikastetxeak hauek izan ziren:  Mogel Isasi BHI, Urkizu, Amaña, Arrateko Andra Mari, Armeria Eskola, La Salle Azitain eta Eibar BHI Jardiñeta. Hala, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. kurtsoetako ikasleek, Bigarren Hezkuntzakoek, Batxilergokoek eta Lanbide Heziketakoek parte hartu zuten.

Aurtengo Zuhaitz Eguna Udaleko Ingurumen Sailak antolatu du, Klub Deportiboko Mendi Taldearekin, Eibarko Baso Biziak elkartearekin eta Lurgaia Fundazioarekin batera.  Horren harira, Jon Iraola alkateak, Zuhaitz Egunaren balantzea egitean, eskerrak eman dizkie entitate kolaboratzaileei, izan ere, haiei esker “aurtengo Zuhaitz Egunak erabateko arrakasta izan du”.  Ingurumen-kontzientzia eta bertako basoen berreskurapena hobetzeko antolatzen diren ekimen  babesten jarraitzeko asmoa azaldu du Iraolak Eibarko Udalaren izenean.