Auzoen izena duten arbolak landatu ditu Udalak, hiriaren sorreraren 675. urteurrenean

Auzoen izena duten arbolak landatu ditu Udalak, hiriaren sorreraren 675. urteurrenean
2021/05/03 eta kitto!
Eibar herria eratu zela 675 urte bete direla eta, izen toponimikoa duten herriko auzoetan izen bereko arbolak eta zuhaixkak landatu ditu Udalak, Ego Ibarra batzordearen proposamenari erantzunez. Ekimenarekin ingurumena eta historia batu izan nahi dituzte eta, era berean, herrian arbola gehiago izateko egitasmoa pauso bat aurrera eman.

Ingurumen eta Zerbitzu sailen bitartez honako izenak dituzten espezieetako arbolak eta zuhaixkak landatu dira: Urki (urkia), Ipurua (ipurua), Gorosta (gorostia), Aginaga (hagin multzoa) eta Saratsuegi (sahatsaldea). Zehazki, Urki Kurutzekua parkean hiru urki landatu dira (betula alba); Ipuruan, bolerako eta Argatxago jardiñetan, bost ipuru (juniperus communis); Gorosta auzoan bost gorosti (ilex aquifolium), Azitaingo industrialdeko parkeetan; Aginagan, landa-auzoko eskolaren inguruan, lau hagin (taxus baccatta); eta Saratsuegin, skate parketik eta kirol-pistetatik gertu, lau sahats (salix) landatuko dira.

Pandemiari lotutatako murrizketak tartean, aurten ezin izan da Zuhaitz Eguna ospatu eta horrela konpentsatu nahi izan dute. Horrekin batera, hainbat arrazoirengatik herrian arbola batzuk kendu behar izan dituzte eta, Jon Iraola alkatearen hitzetan, “Udalaren konpromisoa da erretiratzen diren arbolak leku berean birlandatzea, eta, ezin bada halakorik egin, beste arbola batzuk landa daitezela beste leku batzuetan, kentzen den zuhaitz bakoitzeko bi berri jarriz".

Ildo horretan, erdigunean arbola gehiago egoteko lanean jarraituko dutela aurreratu du eta, asmo horrekin, bertako zuhaitzak eta beste espezie batzuetakoak landatu dira hainbat lekutan, hala nola Juan Antonio Mogelen, Argatxan, Amañan, Ego Gainen edo Eroskiko biribilgunean.