Azaroaren 5ean itxiko dute Beldur Barik lehiaketara lanak aurkezteko epea

Azaroaren 5ean itxiko dute Beldur Barik lehiaketara lanak aurkezteko epea
2020/10/29 eta kitto!
Gazteen artean indarkeria sexista prebenitzeko Beldur Barik programaren baitan, aurten ere lehiaketa antolatu dute 12 eta 26 urte bitarteko gazteentzat. Lehiaketak programa horren jarrera ikusarazten duten ikus-entzunezko lanak saritzen ditu eta, beraz, aurkezten diren lanek neska-mutilek ezberdintasun egoerei Beldur Barik jarrerarekin nola egiten dieten aurre erakutsi beharko dute. Hau da, errespetua, parekidetasuna, askatasuna eta autonomia, elkarkidetza eta indarkeria sexistaren bazterketa irmoa adierazten dituzten jarrerak erakutsi beharko dituzte. Parte hartzeko gehienez hiru minutuko iraupena duen bideoa egin eta aurkeztu behar da, Youtube edo Vimeo plataformetara igo eta gero.

Bideoak azaroaren 5era arte aurkeztu daitezke eta parte-hartzeko hiru kategoria daude: lehen kategorian, 12-13 urte bitarteko parte-hartzaileak izango dira; bigarren kategorian, 14-18 urte bitartekoak; eta hirugarrenean, 19-26 urte bitarteko gazteak. Urtero bezala, lehiaketan taldeka edo bakarka har daiteke parte (ikastetxe batek, gela batek, elkarte batek, eta abarrek izena eman dezake). Lehiaketako irabazleentzat hainbat sari banatuko dituzte: 1. kategoriako saria (400 euro); 1. kategoriako aipamen berezia (200 euro); 2. kategoriako saria (400 euro); 2. kategoriako aipamen berezia (200 euro); 3. kategoriako saria (400 euro); 3. kategoriako aipamen berezia (200 euro); Ikus-entzunezko lan onenari saria (300 euro); eta parte-hartzeari saria (300 euro). Lehiaketari buruzko informazio zehatza www.beldurbarik.eus helbidean begiratu daiteke.