Azken hiru egunetan ez dute positibo berririk atzeman Eibarren

Azken hiru egunetan ez dute positibo berririk atzeman Eibarren
2020/06/16 eta kitto!
Gaur Osasun Sailak argitaratu duen txostenaren arabera, PCR bidez atzemandako koronabirus kasuak 13 izan dira EAEn, atzo baino bost gehiago. Gipuzkoan bi kasu atzeman dituzte, Hondarribian eta Oñatin. Bizkaian 5 kasu berri agertu dira (2 Barakaldon, 2 Bilbon eta 1 Gorlizen); eta Araban 6 izan dira erregistratutako positibo berriak (4 Gasteizen eta bi Laudion). COVID19-ak Eibaren izan duen eboluzioari begiratzen badiogu, 216 dira metatutako edo pilatutako positiboak, eta azken hiru egunetan ez da kasu berririk atzeman (azkena ekainaren 12koa da).

Debabarreneko ospitaleetako datuei dagokienez, Eibar Ospitalean 4 pertsona daude ingresatuta gaitzarekin, eta 2 Mendarokoan, aurreko egunean bezala.

Pandemiaren hasieratik gaurdaino Euskadiko biztanleriaren % 10ari egin zaizkio detekzio probak
Euskadin 214.000 pertsonari egin zaizkie probak pandemiaren hasieratik gaurdaino. Alegia, euskal biztanleriaren % 10ari egin zaio detekzio proba bat, Osasun sailburu Nekane Murgak adierazi duenez.

Atzo 3.949 proba egin ziren guztira (3.465 PCR eta 484 test azkar).

Orain arte, 1.596 hildako izan dira guztira; atzo bat ere ez. Horrez gain, 16 pertsona daude ZIUn, atzo baino 2 gutxiago.