Azken ebaluazioa nolako izango den jakin gabe ekingo diote bihar ikasleek "ezohiko" ikasturteari

Azken ebaluazioa nolako izango den jakin gabe ekingo diote bihar  ikasleek "ezohiko" ikasturteari
2020/04/19 eta kitto!
Aste Santuko oporrak amaituko dira gaur ikasle eta irakasleentzat, eta bihar, astelehena, berriro ekingo diote ikasturteari. Dena dela, ezohiko izulera izango da. Covid-19aren hedapenaren eraginez, martxoaren 13tik eskolak etxetik jarraitzen dituzte ikasleek. Egoera berria eta zaila da hezkuntza komunitatearentzat. Ikasleen artean ziurgabetasunaz gain, urduritasuna areagotzen ari da azken egunotan, gehienbat azken ebaluazioa nolakoa izango den  oraindik ez dakitelako.

Apirilaren 16an Cristina Uriarte Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak ikasturteari amaiera emateko "plan propioa" lantzen ari zirela iragarri zuen, baina ez zuen zehaztapenik eman. Hala ere, ulertzera eman zuen Espainiako Gobernuak planteatutako markoak baino zorrotzago jokatuko duela Jaurlaritzak ikasleak ebaluatzerako orduan: “Euskadin inork ez du ikasturtea errepikatuko koronabirusagatik, baina horrek ez du esan nahi ikasle guztiek ikasturtea gaindituko dutenik. Ikasturtearen bi heren presentzialki eman dira dagoeneko eta horri gehitu behar zaio hilabeteotako lana. Klaustro bakoitzak, duen esperientzia eta irizpide profesionalarekin, erabakiko du zeinek gainditzen duen eta zeinek ez”. Errepikatzea, dena den, salbuespena izango dela gaineratu zuen.

Sektore batzuetatik hasi dira dagoeneko kritikak ailegatzen. "Uriartek aurreratutako irizpìdea jarraituz gero, ebaluazio irizpideak zorrozteak ahulenak ikasketetatik kanporatzea dakar. Konfinamenduaren ondorioz eskola etxetik jarraitu behar izan denez, hazi egin da ikasleen arteko arrakala akademikoa, bakoitzak bere etxeko egoera sozioekonomikoaren arabera oso baldintza ezberdinak baititu eskola presentzialaren laguntzarik gabe ikasketei eutsi ahal izateko".

Eusko Jaurlaritza hezkuntza arloan egiten ari den lana berretsi zuen Uriartek. Adierazi zuenez, Hezkuntza Saila plan bat amaitzen ari da, eta laster bidaliko zaio hezkuntza komunitateari. Sailburuak azaldu zuenez, ikasturte amaiera honetarako funtsezkoak diren curriculum-edukiak identifikatzeko lanean ari dira, bai eta ebaluazioetarako irizpideak eta tresnak identifikatzen ere; edota, geletarako itzulera-aukera posibleak aztertzen ere bai, Osasun Sailak baimentzen duenerako.